Pasaiako segadaren ikerketa artxibatzearen aurka sinadura bilketa jarri zuten abian eta dagoeneko ia 1.500 sinadura lortu dituzte. Guztira biltzen dituzten sinadurak, Donostiako 2. Instrukzio Auzitegiari helarazi nahi dizkiote bilketaren antolatzaileek.
Otsailaren 3an jakinarazi zieten segadan hildakoen familiakoei, tartean Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarren familiartekoei, Pasaiako segadaren auzia artxibatu zuela Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak, "deliturik ez duelako frogatu".
1984ko ekainean, epaileak itxi egin zuen auzia behin behinean, delitu frogarik ez zegoela argudiatuta. 2005ean zabaldu zuen berriz auzia Donostiako Lurralde Auzitegiak. Sinadura bilketa abiatu dutenen hitzetan 2009az geroztik "erresistentzia" jarrera azaldu du auzitegiak, Berria egunkariari adierazi diotenez.