Pasaiako segadako gertaerak ikertzearen aldeko helegitea jarri du Udalak

Uztarria.eus 2016ko otsailaren 24a

Otsailaren 16ean jarri zuten helegitea. Gertaturikoa jakitea "oinarrizko eskubidea" dela aldarrikatzen du Udalak. 

Azpeitiko Udalak Pasaiako segadako gertaerak ikertzearen aldeko helegitea jarri du. Otsailaren 3an jakin zuen Azpeitiko Udalaren abokatu eta akusazio partikularrak, Miguel Castellsek, Pasaiako segadaren auzia artxibatu zuela Donostiako 2. Instrukzio Epaitegiak. Egun berean jakinarazi zieten segadan hildakoen familiakoei, tartean Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarren familiartekoei, auzia artxibatu zutela. 

Pasaiako segadako ikerketa artxibatzearen aurka eta "heriotzak ikertzearen alde" helegitea jarri zuen Azpeitiko Udalak otsailaren 16an. Udalak adierazi duenez, auzia ez artxibatzeko eskaera egin du, uste baitu "azken urteotan eskatu diren froga diligentziak gauzatu beharra dagoela gertaerak argitzeko". Horrez gain, "gertatutakoa jakitea oinarrizko eskubidea dela" adierazi du. Ildo horretatik dio, helegiteak "bi azpeitiarrei gertatutakoa jakiteko eskubidea defendatzen" duela. 

Azpeitiko Udalak  azaldu duenez, "2001 urtetik lau pertsonen heriotza ikertzen dituen auzi judizialean parte hartzen du, lau hildakoetatik bi azpeitiarrak izanagatik". Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo, izan ziren Pasaiako sarraskian hildako bi azpeitiarrak. Horiez gain, Rafael Delas Txapas eta Jose Mari Izura Pelu izan ziren hildakoak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide