Idoia Arrizabalaga: "Afrikak erakartzen nauen zeozer berezia du"

Uztarria.eus 2016ko otsailaren 24a

Uztarria herri aldizkariaren otsaileko zenbakia Uztarria.eus-en irakurgai dago jada, PDF formatuan (hemen). Aldizkariaren 180. zenbaki horretan Idoia Arrizabalaga medikuari egindako elkarrizketa ekarri dugu hona.

Ospitaleetako larrialdi zerbitzuetan aritu izan da, batez ere, orain artean lanean. "Estres handia" eragiten duen jarduna izanagatik "pertsona eta profesional bezala horrek betetzen" duela dio eta "aldi batean, behintzat, horretan aritu" nahiko lukeela. Turkanatik bueltan, bizipenez betetako motxila zabaldu dio Uztarriari. 

Eta, bat-batean, Keniara. 
 
Kooperazio mundurako grina betidanik izan dut. Ikasle garaian El Salvadorren, Nigerian eta Hegoafrikan izan nintzen, kooperante. Maiatzean medikuntza ikasketak bukatu, udan guardia ordu asko egin eta irailean Keniako Turkanara joan nintzen, umeen desnutrizio proiektu batean mediku bezala lana egiteko. Betitik gustatu izan zait Afrika, erakartzen duen zerbait berezia du.
 
Zer-nolakoa da Turkana? 
 
Afrika mundu handia da. Kilometro gutxiren barruan gauzak asko aldatzen dira, tribuen, kulturaren, baliabideen... arabera. Baliabideei dagokienez, Afrikako herririk aberatsenetakoa da Kenia, baina ikaragarrizko korrupzioa dago, baliabide guztiak lauren eskuetan daude eta baditu leku batzuk ezer ere ez dutenak. Kenia iparraldean dago Turkana, Etiopiarekin eta Sudanekin mugan, jeep batean bost orduz desertuan barrura joanda. Argindarrik eta ur korronterik ez dute eta lastozko txabolatxoetan bizi dira. Abeltzaintzatik bizi dira eta ahuntzak baino ez dituzte; behiak hazteko nahikoa ur ez baitago. Etengabeko borroka primitiboan bizirauten dute. Han ez da arraroa norbaitek esatea azkenekoz duela bost egun jan duela. Turkanaz hitz egiten dute, baina Keniako hizkuntza ofizialak ingelesa eta suajilia dira. Etiopiaren mugan Meril izeneko tribua dago eta lurren jabetzaren harira izugarrizko borrokak dituzte. Tiroka ez ezik lepoa mozten diete elkarri, gordintasun eta mendekuz.    
 
Zer izan da zure egitekoa? 
 
Duela hamabost urtetatik Turkanan bizi diren Ekuadorko bi moja misiolarirekin lankidetzan aritu naiz. Ezer ez zegoen lekuan pixkanaka proiektuak gauzatuz joan dira. Bi eta bost urte arteko umeentzat hamabi eskola egin dituzte. Eskolak emateaz gain egunean bi aldiz jaten ematen diete umeei, bestela askok ez dute ezer  ahora eramateko. Zenbait umek otorduetako bat gorde egiten dute etxekoei eramateko. Turkanako erizain bat, nutrizionista bat  eta hirurok eskolaz eskola joaten ginen umeak pisatzera eta neurtzera, lau hilean behin. Desnutrituta zeuden umeei tratamendua jartzen genien eta kilokaloria asko dituen barrita energetikoak ematen genizkien. 
 
Zer jarraipen egiten ziezuen?
 
Hiru astera bisitan joaten ginen. Barrita horiek lortzea asko kostatzen zaigu eta badakigu zenbait gurasok umeari emandako hiru barritetatik bat saldu eta alkohola erosten gastatzen zutela dirua. Artoa irakinda alkohol gogorra egiten dute eta alkoholarekin arazo handiak dituzte. Eskola zerbitzuaren truke umeek sutarako egurra ekartzen dute eta gurasoek eskolako sukaldean laguntzen dute. Izan ere, irakasle bakoitzak 120 ume ditu eta horiei guztiei jaten eman behar zaie. Jatekoa mojek jartzen dute –babak, arroza, irina, olioa–, guztia diru-laguntza bidez. Kontua ez da dena eginda ematea. Guk baliabideak jarri dizkiegu eta beraiek egin dezatela lana.
 
Zer ikasi duzu Kenian bizitako esperientziatik?
 
Egunerokotasunean gauzak erlatibizatzen ikasi dut, nahiz eta denbora pasatu eta berriro joko horretan erori. Gabon gauean itzuli nintzen etxera eta mahaia bete jan genuen eta beteta egon arren jan behar hori.... Aberatsak gara. Hozkailua beteta, dutxatzeko ur beroa, arropa... ditugu. Bestalde, elizarekin beti izan naiz oso kritikoa, ezer jakin nahi ez duen horietakoa. Moja horiek familia, sorterria, bizitza utzi dute Kenian laguntzeko. Denetik egiten dute: eskolak eman, sendagile aritu, baratzan aitzurrean egin, mekanikari lanak... Borondate mugagabea dute. Egundoko umiltasun zaplastekoa eman didate. Asko ikasi dut eta burua makurtu eta jende horren aurrean txapela kendu behar izan dut.  Bertan dagoen jendeak ere duen apurra partekatzeko izugarrizko gaitasuna du. Bost egun jan gabe goseak dagoenari jatekoa ematen diozu eta alboan beste norbait eseriz gero, erdia hari emango dio. Guri, berriz, zenbat eta gehiago izan, orduan eta gehiago kostatzen zaigu partekatzea. 
 
Gaizki elikatzeak nola eragiten du umeen osasunean? 
 
Desnutrizioaren ondorioz, defentsak baxu izaten dituzte eta edozein gaixotasuni aurre egiteko zailtasunak. Intelektualki eta fisikoki hazteko gaitasuna asko murrizten ditu desnutrizioak. Desnutrizio maila larria duten umeek bihotzeko eta biriketako arazoak izaten dituzte eta bi-hiru astez ospitalean egon ondoren batzuk aurrera ateratzen dira; baina niri tokatu zait gosez eta deshidratatuta umea ospitalera ailegatu eta eskuetan hiltzea.. Ume batek etorkizun eta bizitza osoa ditu aurretik eta ahal den guztia egiten duzu aurrera ateratzeko.
 
Baliabide nahikoa ba al zenuen Keniako ospitalean?
 
Bitarteko oso gutxi genuen, oxigeno tomarik ere ez genuen ospitalean. Hurrengo ospitala desertuan bost ordura genuen eta inor hara bidaltzeko ez genekien garaiz iritsiko zen. Tropikoetan arazo handia izaten da parasitoekin eta beherakoarekin. Malaria kasu asko dago, baita suge eta eskorpioi hozkadak ere. Sukaldatzeko, ura berotzeko... sua asko erabiltzen dute eta erredura kasu asko izaten genuen. Bestalde, eskolaz eskola joaten ginenean, herrixka haietako helduak etortzen zitzaizkigun eta denak ilaran jarri eta artatzen genituen. Maleta zahar batean lau gauza genituen eta baliabide gutxirekin uste baino gehiago egiten genuen.          
 
Zer nolako egoeran bizi dira emakumeak? 
 
Kulturak kristoren indarra du han.Gizon batek erosi ahal dituen adina emazte izan ditzake eta seme-alabak gosez hiltzen dituen aitak ez ditu ahuntzak hilko haiei jaten emateko. Ahuntzak dotea ordaintzeko baliatzen dituzte, ez dute eskrupulurik. Neska koskorrei zortzi urte betetzean lepokoa jartzen die, merkatuan libre daudenaren seinale. Enkantean jartzen dituzte, nork diru gehiago eskainiko. Emakumea salerosketarako genero bihurtzen da. Poligamiaren ondorioz, sexu bidez kutsatutako HIES kasu kopurua altua da. 
 
Zerk harritu zaitu gehien?
 
Gauza askorekin geratu naiz harri eta zur. Mojek umezurtz-etxea zuten, eta gurasoek abandonatutako edo Merilek gurasoak hildako 60 neska baino gehiago zituzten jasota. Alboan, aterpetxe bat dute, xoxa batzuk ateratzeko eta ni bertan bizi nintzen. Ospitalean umeren bat hil eta triste nengoela kontatzen nienean, ‘beno, ez da ezer pasatzen’, esaten zidaten umezurztegiko haurrek. Heriotza horren erraz eta gordin ikusten dute. Beraien bizimodua hori da eta gustura bizi dira. Ez da arraroa emakume batek esatea zortzi seme-alaba izan eta hiru hil zaizkiola. Umeek ere hoztasun berarekin hitz egiten dute. Bikiak izatea putakeria da emakumeentzat eta tokatu izan zaigu txikiena gosez hiltzen uztea. Beste behin, bi urteko haur bati ama hil zitzaion HIESarekin. Umeak ere HIESa zuen eta familiak beldurtuta gosez hiltzen uztea erabaki zuen. Umearen amonarekin eta izebarekin hiru orduz hitz egin ostean adostu genuen guk jatekoa eta tratamendua emango geniola haiek umea zaintzearen truke.   
 
Zuzen iristen al dira herritarrek emandako laguntzak? 
 
Erakunde bakoitza mundu bat da. Asko aprobetxatu izan dira, gaur egun fama hori izateko. Erakundeek gastu bakoitza azken zentimoraino justifikatu behar izaten dute. Zenbait erakunde handiak dira eta herritarren dirua justu ez da bideratzen halako umeri babak erosteko, langile profesionalen soldatak ordaintzeko, baizik.
 
Turkana utzi eta Europara etortzeko nahia ba al dute? 
 
Kenia kostaldean, turistekin harremana du jendeak eta badute handik irteteko gogoa, baina Turkanako jendeak ez du imajinatzen handik kanpo zer mundu dagoen. Basamortutik inoiz atera gabeko jendea da. Haientzat gure mundua ikustea guretzat estralurtarrak ikustea bezala litzateke. Argazki makinarekin argazkiak atera eta irudiak erakutsiz gero barrez lehertzen hasten dira. Zuriak jainkoak gara haientzat oraindik ere. Miresmen berezia digute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide