Kirol Patronatuko bazkideentzat kirol medikuntza zerbitzua indartu du Udalak

Uztarria.eus 2016ko ots. 24a, 15:17

Udalak hitzarmena sinatu du Eliku eta Urola zentroekin, kirol medikuntza zerbitzu zabalagoa eskaintzeko. Modu horretan, Kirol Patronatuko bazkideek eta herriko kirol klubek merkeago egin ahal izango dituzte kirol azterketa medikoak. 

"Kirol medikuntza zerbitzu hobea ematea helburu", hitzarmena sinatu dute gaur, asteazkena, Azpeitiko Udalak eta Eliku nahiz Urola zentroetako ordezkariek.

Estitxu Elduaien Udaleko Kirol batzordeburuak azaldu duenez, "Udalak azken urteetan asko sakondu du kirol eta osasun alorrean. Beti sustatu nahi izan da kirola egitea baina bereziki modu osasuntsuan eta kontrolatuan". Hori horrela, kontrol edo zaintza hori lortzeko modu ezberdinak daudela adierazi du Elduainek, "horietako bat da kirol medikuntza zerbitzua". 

Azpeitiko Udalak eta Urola zentroak sinatu zuten akordio bati esker, azken urteetan herriko kirol klubek eta Kirol Patronatuko bazkideek Urola zentroan zuten eskuragarri kirol medikuntza zerbitzua. Orain, baina, "zerbitzu hobea ematea helburu", eskaintza indartu eta Eliku zentroarekin ere hitzarmena sinatu du Udalak. Horrela, herriko bi zentroetan izango dute eskuragarri kirol medikuntza zerbitzua Kirol Patronatuko bazkideek. "Akordio honi esker, Udal Kirol Patronatuko bazkideek prezio merkeagoan egin ahal izango dituzte kirol azterketa medikoak bi zentro horietan", azaldu du Elduaienek. 

Udalak kirola "modu osasuntsuan eta kontrol medikoaren pean egitea garrantzitsua" dela ikusten du eta, gaur sinatutako hitzarmenarekin, "herritarrek kontzientziazio hori lortu dezaten, beste pauso bat eman" dutela uste du Elduaienek. 

Hurrengo astetik aurrera izango dira martxan Kirol Patronatuko bazkideentzat kirol medikuntza zerbitzuak, Eliku eta Urola zentroetan. 

Eskainiko diren zerbitzuak 

Hiru motatako zerbitzu medikoak eskainiko dituzte bi zentroetan. Eliku zentroaren kasuan prezioa ezberdina izango da norbanakoentzat eta kirol taldeentzat. Honakoak dira eskaintzak: 

Eliku zentroa (sendagilea: Alberto Garai): 

- Azterketa medikoa: Bazkideek 45 euro - Klubek 40 euro.

- Esfortzu proba, kirol azterketa medikoa: Bazkideek 84 euro - Klubek 68 euro.

- Laktato proba, kirol azterketa medikoa: Bazkideek 115 euro - Klubek 100 euro.

Urola Zentro Medikua (sendagilea: Francisco Davila):

- Azterketa medikoa: Bazkideek zein klubek, 37 euro.

- Esfortzu proba, kirol azterketa medikoa: Bazkideek zein klubek, 48 euro.

- Laktato proba, kirol azterketa medikoa: Bazkideek zein klubek, 80 euro.

Ordua hartzeko edo edozein zalantza argitzeko honako telefono zenbakietara deitu behar da: 943816658 (Eliku) eta 943150706 (Urola ZM).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide