Paradisu zulatua

Erabiltzailearen aurpegia Miren Alcedo 2016ko mar. 2a, 10:30

Askotan, nahi edo behar dugulako, mundu harmoniko batean bizi garelakoan gaude. Mundu horretan elkartasuna existitzen da, guztiok modernoak gara eta inork ez digu minik egin nahi. 

Baina errealitateak, egoskorra denez, Disneyren pelikulako mundu horretatik kaleratzen gaitu. Eta, egun batean Garmendipeko futbol zelaiko nesken aldageletako paretan zuloak azaltzen dira. Eta zulo horietatik haize hotza bezain usteldua sartzen zaigu herrian. 
 
Berriro ere emakumeek eraso zeken bat jaso dute eta berriro ere inortxok ez zekien ezer, neskak konturatu arte gonbidapenik ez zuten begi batzuek zelatatzen zituela. Guztion askatasunaren kontrako erasoa dela dakigulako puskatu zaigu herri baketsu batean eta modernoan bizi garenaren ustea. 
 
Urrutiago samar, San Sebastian Egunean danborren zaratak kultur hiriburua dela ospatzen zuten bitartean, Yoli izeneko emakumea hil zen Donostiako kutxazain batean, bihotzekoak eta
miseriak eramanda. Gero eta lagun gehiago bizi dira Donostiako kaleetan. Mundu osoak guri 
begiratzen digunean konturatzen gara ahaztu zaigula gure jendea  babestea. Europan ate 
nagusitik sartuta geundela pentsatzen genuenean, txirotasunak “marco incomparable” delako hirian pertsonak akabatzen dituelako adibide  bihurtu da Yoli.
 
Egun hauetan topatu dugu gaindituta egon behar zirenak: pobrezia, sexu gehiegikeriak... Batzuetan saltzen diguten Paradisua infernu bilakatzen da. Hala eta guztiz ere, badakigu gure herria lasaia dela eta gustatzen zaigu Donostiako kaleetan galtzea. Azken egunetakoak balio digu erne egoteko, ez onartzeko gure lorpen sozialen eta kulturalen kontrako erasoak.
 
(Otsaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide