Gerturatzen ari da martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna. Horren harira, egitaraua antolatu dute Baigera, Duintasuna, El Amal, Elkar-ekin, Ernai eta Gaztetxeko kideek Azpeitiko Udalaren laguntzarekin."Ospakizuna eta aldarrikapena uztartzen dituen eguna" da martxoaren 8a antolatzaileen hitzetan.
"Bide luzea dugu oraindik egiteko, eskubide eta aukera berdintasuna erreala izan dadin: lana eta enplegua baldintza duinetan banatua izan dadin, zaintza lanak partekatuak izan daitezen, afektibitatea eta sexualitatea modu anitzean, libreki eta seguru batean bizi ahal izateko, estereotipoak zein rolak gaindituak izan daitezen, eraso sexual eta sexistak desagertu daitezen, prekarietateak eta pobreziak emakume izena eduki ez dezaten, erabakiguneetan aritzeko aukera berak sor daitezen...", adierazi dute eragileetako ordezkariek. Gaineratu dute emakumeak "anitzak" direla eta horregatik "bakoitzaren errealitateak ezberdinak" direla. Horren harira dator aurten martxoaren 8ra begirako leloa: Emakume anitz, errealitate anitz.
Eragileetako ordezkarien hitzetan, aurtengo Nazioarteko Emakumeen Egunak badu "berezitasun" bat Azpeitian:"Duela aste batzuk, urteetan Azpeitian kontzientzia feminista sustatzen aritu den Bilgune feministak bere jarduera eten duela iragarri zuen. Aldarrikapen guzti horiek geureak ere badirela sentitzen dugu, eta ondorioz, hainbat eragilek martxoaren 8rako egitarau xume bat antolatzeari ekin diogu, Udalaren laguntzarekin", azaldu dute.
Kafe-te tertulia izango da martxoaren 8an 18:00etatik 19:30era, Sanagustinen. Herriko eragile eta norbanakoak, herriko espazio eta elkarte ezberdinetan genero ikuspuntua txertatzeko hartzen ari diren neurriak ezagutu ahal izango dira bertan. Bestalde, lau gairen inguruan eztabaidatuko da: indarkeria matxista, prekarietatea eta pobrezia, zaintza eta parte hartzea. Kafea eta tea izango dira bertan parte hartu nahi duten guztientzako. Behin kafe-te tertulia amaituta, kontzentrazioa egingo dute plazan, 19:30ean.
Ez hori bakarrik
Martxoaren 8rako ekimenez gain, bestelako ekimenak ere egin dituzte kontzientzia feminista sustatzeko. Ipuin eta liburu ez-sexisten gida atera dute Azpeitiko Liburutegiak eta Emakumeen Txokoan elkarlanean. Gida eskuragarri egongo da Emakumeen Txokoan nahiz liburutegian.
Bestalde, Erotismoa eta tratu onak tailerra eskeiniko da Emakumeen Txokoan, martxoaren 12an, goizeko 10:30etik 13:30era. Tailerra doan izango da baina bertan parte hartzeko aurrez izena eman behar da Emakumeen Txokoan edo Parekidetasun Sailean.