Printzipioak

Erabiltzailearen aurpegia Buruz Buru 2016ko mar. 3a, 14:16

Gizakiak badu joera inguratzen duen guztia sailkatzeko. Ahalik eta sinpleago, hobe. Bizitza eta errealitatea inguratzen dituzten elementuak sinpleki azaldu ezean bere buruaren jarduna ere konplika baitezake. Ezezaguna ezagun bilakatzeko sailkatzen du. Bere burua berresteko, konfiantza hartzeko, bizitza errazteko. Ezer ezaren erdian beldurrez deanbulatzea baino okerragorik ez baitago. 

Sailkapenak kokatu egiten du gizakia zentzu gehiegirik ez duen inguruan. Hemen ala han. Gurekin ala haiekin. Gizakiaren sailkatze obsesio horrek klasifikazio binarioak egitera eraman du askotan. Ateoa ala sinesduna haiz? Ezkerrekoa ala eskuinekoa? Zuria ala beltza? Muturreko joera oro ere arriskutsutzat hartu duenik izan da, eta halako hirugarren aldagai bat sortu duenik erdi-erdian; muturrak kaltegarriak direla eta zentroa bertutea dela azpimarratuz. Ateoa-agnostikoa-sinesduna, ezkerra-zentroa-eskuina eta abar. 

Askok horizontalean trazatutako marra batean irudikatzen ditu aukera horiek, eta
horrela bai; oreka zentroan aurkitzen dela dudarik ez. Kontua da inolako erdigune edo nukleorik gabeko amalgama amorfo bat dela ingurua: etengabe elkar hurbiltzen eta urruntzen dauden ideia eta posturen jarioa.Zentroa muturra bezain absolutua da. Ez dezala inork pentsa bestea baino gehiago denik, huraxe izango baita ergelkeriaren lehen zantzua.
 
Irakurleak ez luke jakin behar idatzi hau eta zure erreplika, Ramon, biok aurretiaz idatzitako testuen arteko talka ideologiko eta pertsonalaren ondorio dela; ez publikatzea erabaki dugun testu batzuen ondorena. 
Ivan S. Turgenev-en eleberri bateko pasadizoa dakarkit gogora xextrak, nihilismoa Errusian eta munduan tipo sozial bezala lehenengoz identifikatu zuen idatziarena. Kutsu liberal frantsestua duen erromantiko bat da Pavel Petrovich. Bere iloba Arkadirekin ari da hizketan haren lagun Bazarov-i buruz.
– Bazarov zer dela diozu?
– Nihilista.
– Nola? Nihilista?... Latinetik dator nihil, hau da: ezer eza. Beraz, ulertzen da hitz horrek ezer errespetatzen ez duen pertsona bat definitzen duela?
– Dena ikuspuntu kritiko batetik baloratzen duela. Autoritatearen aurrean ez dela makurtzen, fede-dogma gisan printzipiorik ez duela onartzen.
– Bueno, ba hori ez doa gurekin. Uste dut printzipioak fede-dogma bezala hartu ezean, diozun bezala, pauso bat ematerik ez dagoela, ez eta arnasa hartzerik ere.
Ez da ezer pertsonala. Urte askuen, Ramon.
 

Arrazoiak

Ene, Jurgi! Zer esan asmatu ezinik uzten nauzu. Irakurleak jakin behar ez badu argitara gabe uztea erabakitako testuen ondorena dela hau, ez du jakingo nik esan dudalako, ez eta nik argitaratzeko gogorik ez nuelako ere. Baina has nadin nire ideien nahaspilari ordena jartzen, hain gutxi gustatzen zaizula dirudien sailkapenaren tentaldian erori gabe. Guztia sailkatzeko joerari ez genioke muzin egin behar ni bezalako jende desordenatu eta kaotikoek. Bata da inguruaren eta bizitzaren ikuspegi sistematizatu bat izatea, eta bestea ikuspegi manikeoa izatea, egoera eta arazo guztietan zintzoak eta gaiztoak bakarrik ikustea, onak eta txarrak; eta ñabardurarako dugun ahalmena, ikuspegi kritikoa, ez garatu eta ez errespetatzea.
 
Printzipioak aipatu dizkidazunez esan egingo dizut nire iritzia. Nik, pertsonalki, nahiago dut printzipio sendotuak, egoskorrenak ere, dituen jendearekin, nireen justu kontrakoak dituenarekin, aritzea, –bestea horietara makurtzea exijitzen ez duten bitartean behintzat– printzipio gabeekin eta eskrupulu gabekoekin baino. Printzipioak dituenarekin ados jartzen saiatzea posible da, printzipiorik ez duenarekin ez dago ez adostasunik, ez koherentziarik. Printzipiotzat hartzen dut pentsaera eta portaera arautu eta gidatzen dizkigun oinarria.
Hori esanda, esatea zertara zetorren ez dakidala aitortu behar dizut, baina hor dago. Balio beza gero eta hedatuagoa daukagun, eta arrazoi osoz urduritu eta kezkatzen zaituen manikeismo erasotzaile gaitzesgarri horri aurre egiteko.
 
Turgueniev aipatzen didazu, nihilista hitzaren sortzailea, Aita-semeak nobelako nola halako aipu bat eginaz. Zaharrak ilobatxo deitzen dio Arkadiri, nihilista zer den ulertzeko saio bat egiten du, gurasoaren "ezer errespetatzen ez duen gizakia" ere sartuz. Zuk egiten duzun aipuan gaztearen ezein aginteri men ez egitea eta "fede-dogma gisan printzipiorik ez duela onartzen" kontatzen didazu. Ez dakit zergatik ahaztu duzun Pavelek nola galdetzen dion "hori ona al den". Egia da belaunaldi zaharrekoek printzipioetan sinetsi ezean, ezin dutela ez urrats bat ez arnasarik hartu.
Zuk parabola hor bukatu duzun arren nobelak jarraitu egiten du. Zaharrak esaten du: “Vous avez changé tout cela” eman diezazkizuela Jainkoak osasuna eta jeneral-maila; guregandik mirespena baino ez duzue jasoko...  
 
Nobelak jarraitu egiten du eta Turguenievek izaki arrunt eta antzu bat legez ekartzen du Bazarov nihilista heriotzara, ondorengorik gabe eta arrastorik utzi gabe. Elizakoak hartzeko eragozpenik ez duela aitortzen die gurasoei... Ivan Turguenievek printzipioak bazituela seguru, arrazoi? Kasu honetan ez agian...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide