Ireki dute aurtengo Joxe Takolo bekara proiektuak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2016ko martxoaren 3a

Euskal Herriko mendizale, mendi elkarte eta beste hainbat eratako elkarte eta taldeek eskatu dezakete. Eskaerak Azpeitiko Udalari helarazi behar zaizkio eta martxoaren 31 izango da horretarako azken eguna.

Martxoaren 1ean ireki zuen Azpeitiko Udalak "goi-mendizaletasunarekin lotuta dauden maila handiko eta proiektu originalak bultzatzeko asmoz" aurten ere abian jarri duen Joxe Takolo beka. 2016koarekin, XVI. edizioa beteko du Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizale zena gogoan ematen den beka horrek.

Proiektu irabazleak 3.000 euro jasoko ditu, eta Azpeitiko Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Mendi Federazioak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak finantzatuko dute diru-saria. Euskal Herriko mendizale, mendi elkarte eta beste hainbat eratako elkarte eta taldeek eskatu dezakete beka.

Iazko bekadunak, Patagoniara bidean

2015ean Incognita Patagonia 2015 proiektuarekin Joxe Takolo beka jaso zuten Ibai Rico, Evan Miles eta Eñaut Izagirre Patagonia aldera "abiatzear" direla jakinarazi du Udalak eta "zorterik onena opa die beren proiektua nahi bezala eta aurreikusita bezala gauzatzeko". Beka eskatzerakoan zehaztu bezala, Txileko Patagoniako Hoste uhartean abentura, ikerketa eta alpinismoa bateratuko dituen proiektu batekin glaziarrak ikertzera abiatuko dira Rico, Miles eta Izagirre.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide