Eskerrik asko guztioi, bihotz-bihotzez!

Erabiltzailearen aurpegia Eider Bereziartua 2016ko mar. 3a, 19:48

24 urte dira dagoeneko herri honetako kaleak gurutzatzen ditudala, ia beste hainbeste herriko jolastoki guztietan saskiratzeak lortzen saiatu naizela. Urte horietan guztietan saskibaloiak emandako lorpenak izugarriak izan dira, denak zerrendatu nahiko banitu ere, ziurrenik, ezingo nituzkeen denak gogoratu. Beraz, zergatik honenbesteko iskanbila garaipen batengatik?

Nik esango dizuet zergatik. Gaur kalera irten naiz eta ezagutzen ez nuen pertsona batek irribarrea ahotan zuela zoriondu egin nau. Nik bera ezagutu ez arren, berak ni nor naizen jakiteaz gain, gerturatu eta tartetxoa hartu du ni zoriontzeko. Atzo han izan zela ere adierazi dit. Bai, atzo han izan zen. Eta ziurrenik pasa den igandean, eta aurrekoan, eta aurrekoan... Ziurrenik, atzo bezala, gainontzeko egunetan ere txalo egingo zigun zutik jarrita. Galdu edo irabazi, bera hor, txaloka.

Atzo, denboraldi osoan bezala, adin guztietako jendea elkartu zen kiroldegian. Batzuk lagunak, besteak familiarrak, ezagunak ere bai eta, noski, multzo horietan sartzen ez diren beste hainbeste ere bai. Guztion garrasiek bat egin zuten partida osoan zehar. Tentsioa egon zen, bai. Eta azken txilibitu hotsarekin klimaxa iritsi zen. Denontzat. Guztiontzat. Gure alaitasuna eta zuena bat izan zen.

Horregatik izan da atzoko garaipena berezia. 20 partida jarraian galdu arren, zuek hor jarraitzen zenutelako saltoka eta garrasika. 20 partida jarraian galdu arrena gurekiko konfiantza izaten jarraitzen zenutelako. 20 partida jarraian galdu arren, lehenengo egunean bezala animatzen jarraitzen zenutelako. 20 partida jarraian galdu arren, kiroldegia betetzen jarraitu zenutelako.

Bai, mila arrazoirengatik ari da urtea berezia izaten. Mila oroitzapen geldituko zaizkigu bakoitzari bihotzean. Baina, uste dut nire taldekideek nirekin bat egingo dutela esaten dudanean zuengandik jasotzen ari garen beroa dela betiko geldituko zaigun altxor preziatua.

Eskerrik asko guztioi, bihotz-bihotzez!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide