Drogamenpekotasun plan berria aurkeztu du Udalak

Uztarria.eus 2016ko martxoaren 4a

Ezkerretik eskubira, Edurne Zubia, Izar Arregi eta Ainhoa Beristain.

2015-2019 eperako onartu dute. Prebentzioa, asistentzia eta gizarteratzea landuko ditu plan berriak ere, baina egungo errealitatera egokitu dute. "Orain dela urte batzuk droga batzuri, tabakoari eta alkoholari erreparatzen zion gehienbat. Orain, baina, kontsumitzen diren sustantziak eta ondorioak ezberdinak dira", azaldu du Ainhoa Beristain zinegotziak.

2015-2019 Drogamenpekotasun Plana aurkeztu dute gaur, ostirala, Ainhoa Beristain Gazteria saileko zinegotziak, Edurne Zubia Gizarte Zerbitzuetako teknikariak eta Izar Arregi pedagogo eta psikologoak.

Ainhoa Beristainek azaldu duenez, "plan honek Eusko Jaurlaritzak duen VI. Mendekotasun planean agertzen diren ildo nagusiak jorratzen ditu". Hala ere, nabarmendu du esku-hartzea egokitu egin dela: "Esaterako, orain dela urte batzuk droga batzuri, tabakoari eta alkoholari erreparatzen zion gehienbat. Orain, baina, kontsumitzen diren sustantziak eta ondorioak ezberdinak dira". Horrez gain, teknologia berrien erabilerari eta ludopatiari ere egin die aipamena Beristainek.

Drogamenpekotasun planak ildo ezberdinak jorratzen ditu: prebentzioa, asistentzia eta gizarteratzea. Asistentziari dagokionez, bide ezberdinak jorratzen dituztela azaldu du Ainhoa Beristainek: "Drogazaleei behar duten asistentzia bideratzen zaie, arriskuak murriztera bideratutako programa bultzatzen dugu eta iraupen luzeko eta arrisku handiko drogazaleei zuzendutako programa jarri dugu martxan".

Edurne Zubiak prebentzioaren eta gizarteratzearen ildo nagusiak azaldu ditu. "Haurrak, nerabeak eta gazteak, ohiko kontsumoak eta kontsumo problematikoak dituztenak, kolektibo eta pertsona urrakorrak, bazterkeria handia duten pertsonak eta delitu jarduerak egiten dituzten pertsonak" dira, Gizarte Zerbitzuetako teknikariaren esanetan, artatzen dituzten kolektiboak.

Prebentzio eta gizarteratze plana hainbat eremutan zabaltzen dutela nabarmendu du Zubiak. Esaterako, familietan esku hartzen dute, familiei zuzendutako programari esker. Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH eta DBHOn adikzioen eta elkarbizitza programa zabaltzen dutela azaldu du, eta programa hori aurten Azkoitiko erdi mailako ziklora zabaldu dutela. Horretaz gain, guraso eskolak ere egiten dituzte. Bestalde, festetara begira ere, prebentzio plana martxan jartzen dutela gogoratu du: "Saninazioetan jarri izan ditugu postuak, Sasoian eta Ailaket elkarteekin elkarlanean. Eskaintza zabaldu eta, iaz, santotomasetan ere jarri genuen postua". Bazterkeria arriskuan dauden adingabeei, gazteei nahiz helduei arreta emateko baliabideak ere eskaintzen ditu Udalak.

Ikasleei begira

Izar Arregi psikologo eta pedagogoak, bere aldetik, azaldu du duela hamar urtetik Izadia enpresak Azpeitiko Udalaren drogamenpekotasun planaren baitan "egitasmo orokor bat" martxan duela. "Gipuzkoako hainbat herri eta ikastetxetan drogamenpekotasun prebentzioan ekintza ugari egin dugun arren, azpimarratzekoa eta txalotzekoa da Azpeitiko Gizarte Zerbitzuen departamenduak azken urteetan martxan duen prebentzio programa orokorra", adierazi du Arregik.

Helburu orokorra "Azpeitiko gazteak bizitzako trebezietan eta emozioen kudeaketan garatzen joateko estrategia orokorrak barneratzea da", Izar Arregiren hitzetan. Bestalde, azaldu du gai desberdinen informazioa jasotzeaz gain (droga motak, sexu harremanen eta droga kontsumoaren lotura, familia estiloak...), guzti horren aurrean bakoitzak izan ditzakeen "emozio kontrajarrien lanketa" egiten dela. "Ikuspegi horretatik lan eginez, drogan prebentzioa lantzeaz gain, gaur egungo beste gaixotasun askoren prebentzioa ere lantzen da: jokoen menpekotasuna, janariari lotutako gaixotasunak edota depresioaren prebentzioa", azpimarratu du Arregik. Horretarako, ikastetxeetan ikasleekin zuzeneko saioak egiten dituzte, irakasleei formakuntza eskaintzen diete eta guraso eskolak egiten dituzte ikasturtero.

Aurrera begirako egokitzapenak

Aurtengo ikasturterako eta, batez ere aurrera begira, birmoldaketak egingo dituztela azaldu du Izar Arregik. Alde batetik, 18 eta 20 urteko gazteengana iristen saiatuko dira. Bestalde, moduloetako ikasleei lau orduko prebentzio saioak eskainiko dizkiete eta, azkenik, guraso eskolak indartuko dituzte. Modu horretan, 18 eta 20 urte bitarteko seme-alabak dituzten gurasoei eskolak jasotzeko aukera luzatuko zaie.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide