Jose Manuel Añon Albisu jesuita atzo, osteguna, hil zen Loiolako Santutegian, 70 urte zituela. Matxinbentan jaiotakoa zen Añon, hango bikario etxean. Txikia zela utzi zuen jaiotetxea, baina Matxinbentan bertan apaiztu zuen Jose Maria Setien gotzainak 1976an, eta azken botoak ere Matxinbentako parrokian egin zituen, 1981ean.
Jesusen Lagundian egindako ibilbidean urte gehienak hezkuntza arloan eman zituen Añonek, baina 2013tik Loiolako Santutegiko kontsultore lanetan aritu zen. Tartean, Madalenako Ospitalearen berritze lanak zuzendu zituen. 2014ko maiatzaren lehenean inauguratu zuten ospitale zahar eraberritua eta, urte hartako apirilean, berritze lanen gaineko argazki erreportajea argitaratu zuen Uztarria herri aldizkariak, Añonen laguntzarekin.