Ekainaren 5eko herri galdeketa

Sanjuandegiko auzotarrek independentziaren inguruko herri galdeketa babestu dute

Uztarria.eus 2016ko mar. 5a, 14:23

Sanjuandegiko auzotarrek igerileku aurrean atera dute argazkia

Sanjuandegiko ehundik gora bizilagunek argazkia atera dute igerileku aurrean, eta ekainaren 12an egingo den herri galdeketari babesa agertu diote

Ekainaren 12rako Hitzartuk antolatu duen independentziaren inguruko herri galdeketak Sanjuandegiko ehundik gora bizilagunen babesa jaso du. Igerilekuaren aurrean atera dute argazki jendetsua, eta ondoren mokadua egin dute Sanjuandegiko auzo elkartean. Haritz Garmendiak bi bertso bota ditu argazkia atera aurretik, eta Sanjuandegin bizi den saharar batek hitza hartu du ondoren.

Ekainaren 12an egingo den herri galdeketarako sinadurak biltzen jarraitzen dute Hitzartukoek. Dagoeneko gainditu dute galdeketa egin ahal izateko jarri zuten 1.500 sinadurako erronka, baina atxikimenduak jasotzen segituko dute martxoaren 12ra bitartean. Datorren zapatuan bukatuko dute sinadura bilketa plazan, 19:30ean; eta bertan kontatuko dituzte jaso dituzten guztiak. Ondoren, 20:00etan, kriseiluak aireratuko dituzte Zelai Luzen. Gure Esku Dago eta Hitzartuko kideek herritar guztiak gonbidatu dituzte kriseiluen gauean parte hartzera. Kriseiluak salgai daude dagoeneko Gure Esku Dagoren lokalean; astelehenetik ostiralera, 17:30etik 19:30era, eta asteartetan eta larunbatetan, 10:30etik 12:30era. 2,5 euroren trukean erosi ahal izango dira.

Ikusi argazki gehiago, hemen, Urola Kostako Hitza-ren webgunean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide