Bihar, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna ez ezik Suhiltzaileen Eguna ere izango da. Eta, data horren inguruan, aurten Gipuzkoako Foru Aldundiak suhiltzaileen foru zerbitzuak gizarteratzeko ekimena antolatu du. Horrela, asteburuan Gipuzkoako sei suhiltzaile parketan ate irekien jardunaldiak egingo dituzte, bisita gidatuak eskainiz. Azpeitiko Arria kalean dagoen Urolako parkea da horietako bat; han zapatuan, martxoak 12, irekiko dituzte ateak, hala nahi dutenek suhiltzaileen lana eta egoitza gertutik ezagutzeko aukera izan dezaten.
Larunbat goizean, ordu eta erdi inguruko bi txandatan egingo dituzte bisita gidatuak Azpeitiko suhiltzaileen parkean, 10:00etan eta 12:00etan. Txandak egoki antolatu ahal izateko, bisita horietan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute. Horretarako, joan nahi dutenek suhiltzaileak@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzi behar dute. Zer parke bisitatu nahi duten, zer ordutegi aukeratzen duten, joango diren partaide guztien izen-abizenak, kontakturako telefonoa eta jatorria (herria) adierazi beharko da idatzitako mezuan. "Helbide horren bitartez erantzuna emango zaie, egindako bisita eskaera konfirmatuz edo, beteta egonez gero, beste txandaren bat proposatuz", jakinarazi du Aldundiak.
Bisita gidatuetan bisitariei zer eskainiko zaien ere azaldu dute: "Aurkezpen orokor baten ondoren, parkeetako instalazioak, ibilgailu desberdinak, eta suhiltzaileek erabiltzen dituzten janzkerak eta baliabideak lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dute bisitariek".