Eskualdeko enpresentzako '3D printing industrian' jardunaldia, martxoaren 16an Baigeran

Erabiltzailearen aurpegia Iraurgi Berritzen 2016ko mar. 9a, 18:46

Jardunaldian parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako, Iraurgi Berritzenera deitu -943026069 telefono zenbakira- edota aoiarzabal@iraurgiberritzen.eus helbide elektronikora idatzi beharko da.

Iraurgi Berritzenek '3D Printing' edo 3D inpresioaren gaineko jardunaldia antolatu du datorren asteazkenerako, martxoak 16. Azpeitian egingo da, Enparan kalean dagoen Baigera eraikinaren 4. solairuan. Jardunaldia, batez ere, eskualdeko industria enpresetara bideratuko da eta goizeko 9etan hasi eta eguerdiko 12etan amaituko da.

Ekitaldi horren helburu nagusia azken hilabeteetan zeresan handia ematen ari den kontzeptu hau eskualdeko industria enpresetan ezagutaraztea da. Bi ikuspegi nagusitatik aurkeztuko da: batetik, 3D-n inprimatzeko gaur egun erabiltzen den teknologia aurkeztuko du Oiartzungo Tumaker enpresak, ekitaldian zehar egingo duen erakustaldi batekin; bestetik, berriz, bere egoitza Markina-Xemeinen duen Leartiker ikerketa zentroak, gaur egun 3D inprimaketan aplikatzen ari diren material ezberdinen aurkezpena egingo du, azken urteotan gai horretan egon diren aurrerapenak aurkeztuz.

3D inprimaketan erabiltzen den teknologia nahiz materialak aurkeztu ostean, eskualdean dagoeneko kontzeptu hau aplikatzen ari diren bi enpresen testigantzak ezagutu ahalko dira, Sammic eta Ibarmia kasu. Bi enpresen kasuan, teknologia honen inguruan egiten ari diren erabilpena nahiz etorkizunera begira duten ikuspegia ezagutu ahalko dira.

Jarraian, Bic Berrilaneko zuzendari den Marisa Arriolak, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahiz industriaren sustapenean lan egiten duen SPRI erakundeak datozen hilabeteetan aktibitate ekonomiko berrien sorrerarako aurkeztuko dituzten diru-laguntzen laburpen bat egingo du.

Azkenik, jardunaldia mahai-inguru batekin amaituko da. Bertan, jardunaldiko parte-hartzaileek teknologia honen inguruan dituzten iritzi nahiz ikuspegiak partekatzeko aukera izango dute.

Jardunaldian parte hartu ahal izateko ezinbestekoa da aurrez izena ematea. Horretarako, Iraurgi Berritzenera deitu -943026069 telefono zenbakira- edota aoiarzabal@iraurgiberritzen.eus helbide elektronikora idatzi beharko da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide