Ekainaren 5eko herri galdeketa

Kriseiluen argipean, erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria

Uztarria.eus 2016ko mar. 13a, 12:19

Atzo, zapatua, kriseiluen gaua izan zen Azpeitian, Hitzartu elkarteak antolatuta. Saltzeko zituzten kriseilu guztiak saldu zituzten, 500 kriseilu hain zuzen. Horrela, mila lagun inguru hurbildu zen Zelai Luzera euren kriseiluak aireratzera. Aurretik, baina, ekitaldia izan zen plazan. Bertan Hitzartuko ordezkariek amaiera eman zieten urtarrilaren 16an erabakitzeko eskubidearen alde abian jarri zuten herri galdeketaren aldeko sinadura bilketari.

Guztira, 2.296 sinadura bildu ditu Hitzartuk, elkarteko ordezkarien hitzetan: "Independentziaren gaineko herri galdeketa egitea proposatu genuen urtarrileko egun hartan. Baldintza bat jarri genuen, ordea: Azpeitian erroldatutako herritarren 1.500 sinadura lortzea gutxienez. Lortu genuen, eta gaur bukatu dugu sinadura bilketa, 2.296 sinadurarekin". 

Aurrera begirako bidean, "herritar guztien beharra" izango dutela azpimarratu zuten Hitzartuko ordezkariek eta dei egin zieten 16 urtetik gorako azpeitiarrei ekainaren 12an egingo duten herri galdeketan parte har dezaten. Behin sinadura bilketa amaituta, hainbat trikitilarik gidatuta, kalejiran joan ziren Zelai Luzera plazan zeuden herritarrak, kriseiluak aireratzera. Ekitaldiak iraun bitartean, Hitzarturen ardoa dastatzeko eta elkartearen kamisetak erosteko aukera izan zen plazan jarri zituzten postuetan. 

Kriseiluen gaueko argazki galeria osatu du Uztarria.eus-ek. Hala ere, bilduma osatuagoa egite aldera, norbaitek bere argazkia bidali nahiko balu, mezu bat idatzi uztarria@uztarria.com helbide elektronikora. Jasotako argazkiekin beste bilduma bat osatuko du Uztarriak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide