Errefuxiatuen egoerari irtenbide duin bat emateko eskatuz ekimen ezberdinak antolatu ditu Elkar-ekinek

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2016ko mar. 14a, 11:18

Martxoaren 21ean Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta horren harira prestatu dute egitaraua Elkar-ekinek eta herriko beste hainbat taldek elkarlanean.

Errefuxiatuen egoerari irtenbide duin bat emateko eskatuz, ekimen ezberdinak antolatu ditu Elkar-ekin taldeak datozen egunetarako. Martxoaren 17an, osteguna, 21:00etan Denok deitzen gara Ali filmaren emanaldia izango da Soreasun. Ostiralerako, martxoak 18, elkarretaratzea izago da Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan. Martxoaren 21ean Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna da eta horren harira prestatu dute egitaraua Elkar-ekinek eta herriko beste hainbat taldek elkarlanean, errefuxiatuen gaiari begira. Egun horretan, martxoaren 21ean, ipuin kontalaria izango da liburutegian, HH5, LH1, LH2 mailako haurrei zuzendua, liburutegian bertan.

Elkar-ekin taldearen irakurketa:

Ongi etorri errefuxiatuak. Xenofobiarik ez.

Azken hamarkadetako migrazio uholde handiena ezagutzen ari gara hilabete hauetan. Eta ekialde hurbilean dauden interes ekonomiko izugarriek eragindako gerra eta zapalketa egoerak daude migrazioa horien iturburuan. Ondorioak berriz latzak dira: Milioika pertsona beraien etxeetatik joan dira, beraien sorterria, lagunak, familia eta lana utzi dituzte, bizirik irauteko aukera bakarra ihesi irtetea dela ulertuta. Asiako eta Afrikako herrialdeetara joan dira horietako asko, eta Europarako bide hartu dute beste askok, Mediterraneoko itsasoa zeharkatuz askotan. Milaka pertsona bidean gelditu dira, itsasoak irentsita. Europara iristea lortu duten gehienak herrialdeen arteko mugetan daude, ezin mugiturik, lotsazko harresiz inguraturik.

Hitzez azaldu ezin daitekeen tragedia baten lekuko izaten ari gara, eta Europako klase politikoa geldirik dago. Errefuxiatuei itsasoa ez zeharkatzeko aholkatuz ikusi ditugu orain gutxi, beraien bizitza arriskuan jartzen dutela argudiatuta. Eta zer da bada Europar Batasunak errefuxiatuei eskaintzen diena? Itsasoan hiltzearen ordez beraien herrialdeetan armez hil ditzatela? Eta non egiten dira arma horiek? Eta zer egiten ari da Europa, herrialde horietako gatazkei irtenbide justu bat emateko?

Klase politikoaren jarrera lotsagarria izaten ari milioika lagun horiekiko, benetako genozidio baten arduradun izateraino.

Martxoaren 21ean ospatuko da aurten ere arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako nazioarteko eguna. Errefuxiatuen auzia xenofobiarekin erabat loturik dagoela ulertzen dugu, Europa osoko herrialdeetan indarrean dagoelako errefuxiatu hauek gure herrialdeetara etortzearen aurkako jarrera. Eta jarrera hori da, beste zenbaiten artean, errefuxiatuei hemengo ateak ixten dizkiena.

Eraso eta deklarazio politikoen lekuko izaten ari gara, eta ultraeskuinaren igoeraren arrazoi nagusiena bihurtu da errefuxiatuen aurkako ideia.

Baina asko gara bestelako politikak eskatzen ditugunak, errefuxiatuei ateak ireki eta bizimodu duin bat eman behar zaiela aldarrikatzen dugunak. Txalotzekoak dira Grezian, Alemanian eta beste hainbat lekutan errefuxiatuei laguntzeko antolatu diren elkartasun sareak, baita Europa osoan errefuxiatuen alde ikusi ditugun mobilizazioak ere.

Klase politikoa presionatzeko herritarrok hitza hartu eta kalera ateratzea beharrezkoa ikusten dugu. Elkar-ekin taldetik, gure txikian, Europa osoan garatzen ari den mobilizazio dinamika horri gure ekarpentxoa egin nahi diogu, arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako nazioarteko egunaren harira. Zentzu honetan, Azpeitiko herritarrei dei egin nahi diegu martxoaren 18an Sanjuandegin egingo dugun elkarretaratzean parte hartzera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide