Errefuxiatuen egoera salatzeko argiak

Uztarria.eus 2016ko martxoaren 18a

Europako Batasunak (EB) eta Turkiak azken herrialde horretatik Greziara iristen diren errefuxiatuak Turkiara itzultzeko akordioa egin duten egunean, ehun lagun inguru elkartu dira Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan, errefuxiatu horien egoera salatzeko. Elkar-ekinek deituta, Ongi etorri errefuxiatuak. Xenofobia gelditu lelopean egin dute elkarretaratzea. Argiak eskuetan, borobila osatuz, Jose Luis Otamendik gaurko ekitaldirako prestatu duen poema bat irakurri dute, eta errefuxiatuen eskubideen urraketak salatuz eta haiekiko elkartasuna agertuz testua irakurri dute, ordu laurden inguru iraun duen ekitaldia txalo artean bukatu aurretik.

Asteleheneko Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Aurkako Nazioarteko Egunaren bueltan Elkar-ekinek prestatu duen egitarauaren barruan egin dute ostiral arratsaldeko elkarretaratzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide