Gaur, asteartea, Bruselan (Belgika) gertatu diren atentatuak gaitzetsi eta biktimei "babesa" emanez adierazpena egin du Azpeitiko Udalak. Hildakoen senide eta lagunei "elkartasuna eta doluminak adierazi" dizkie Udalak eta "bide batez, munduan zehar gertatzen diren beste erasoak salatu eta biktimei elkartasuna ere" luzatu nahi izan die.
Hau da, osorik, Azpeitiko Udalak plazaratu duen adierazpena:
"Bruselan gertatutako eraso latzen aurrean, Azpeitiko Udalak elkartasuna eta doluminak adierazi nahi dizkie erasoetan hildakoen lagun eta senide guztiei. Era berean, erasoetan zauritutakoak ahalik eta azkarren osatu daitezela espero dugu. Guztiei gure babesa agertu nahi diegu, eta erabateko irmotasunez adierazi nahi dugu eraso horiek onartezinak direla: sendo salatzen ditugu. Bide batez, munduan zehar gertatzen diren beste erasoak salatu eta biktimei elkartasuna ere adierazten diegu. Munduko herritar guztion giza eskubideak errespetatzea eskatzen dugu.
Munduan zehar gertatzen diren eskubide urraketa guztiak salatu nahi ditugu, gerrek eragindako biktima guztiak oroitu eta gerra gehiago ez izateko aldarrikatzeko.
Ez Bruselan, ez inon".