Azpeitiko Ollagorra Ehiza eta Arrantza Elkarteak XXV. Herri Mailako Arrantza Txapelketa antolatu du apirilaren 17rako. Arrantza lehiaketa benjamin (2006-2008 urteen bitartean jaiotakoak), alebin (2004-2005 urteen bitartean jaiotakoak) eta infantil (2001- 2003 urteen bitartean jaiotakoak) mailakoentzako da.
Izena Larrañaga Kirolaken edo, bestela, apirilaren 14an Ollagorra elkartean eman ahalko da, 20:00etatik 21:00etara. Inskribatzerakoan, nortasun agiriaren kopia, arrantzarako baimena eta gurasoen onarpen orria aurkeztu beharko dira. Gurasoen onarpen orriak Larrañaga Kirolaken ere egongo dira eskuragarri.
Txapelketa Urola ibaian egingo dute datorren hilaren 17an. Arrantza saioa 09:30ean hasi eta 11:30ean amaituko da. Dena dela, lehiaketa egunean, arrantzale gazteek 09:00etarako Enparan Dorretxearen aurrera azaldu beharko dute.
Hainbat opari parte-hartzaileentzat
Lehiakide guztien artean hainbat opari banatuko dituzte antolatzaileek, eta arrantzale onenei ere sari ugari emango zaizkie: txapeldun orokorrari eta amuarrain handiena harrapatzen duenari garaikurra emango zaie, eta maila bakoitzeko hiru lehenengoek garaikurra, domina eta oparia jasoko dituzte.