Baina zubia soldaduek zaindua zegoen gau eta egun, eta ez zen ausartzen esandako lekuan zulatzera. Eta han inguruan ematen zituen egunak, batera eta bestera, egokieraren zain.
Halako batean, zaintzaile bat hurbildu zitzaion, adeitasunez galdetuz zerbait galdu ote zitzaion edo norbaiten zain ote zegoen. Eisikek bere ametsaren berri eman zion. Zaindariak barreari eman zion: "Ai gizajoa! Amets bati sinetsita etorri al zara honaino, oinez? Nik ere izan dut antzeko amets bat: joateko Krakoviara, Eisik Hekel delako judu baten etxera, eta han, berogailuaren azpian, altxor eder bat aurkituko dudala. A zer ergelkeria! Krakoviako etxe guztietan sartu beharko nuke, hiri horretan ia denak juduak baitira, eta erdiak Eisik, eta beste erdiak Hekel". Eta algaraka egiten zuen barre.
Eisik, tutik esan gabe, etxera itzuli zen, eta berogailuaren azpian zulatuz altxorra aurkitu.Gure historia da. Zubirik zubi gabiltza, altxor baten bila. Altxor bat bera dugu barnean, baina ezingo dugu aurkitu bestearengana hurbilduz ez bada. Ni kristaua naiz, zu musulmana, zu budista, zu agnostikoa, zu ateoa… eta zer? Elkarrentzat arrotz bihurtzen gaituzten muga eta izen hutsak dira horiek. Baina zu ez zaitut arrotz. Ni ez nauzu arrotz.
Bidaiari gara denok funtsean, eta erbesteko zubia dugu etxerako bide. Dakigunaz, daukagunaz, bagarenaz harago goaz, etengabeko zubi-erromes, osoki garenaren bila. Osamena dugu osagai. Elkar osatu eta sendatu nahi genuke, zurezko eta harrizko ibiak, hitzezko eta gogozko zubiak eraikiz. Nola egingo dugu bestela eskumikaturik eta errefuxiatu errukarririk gabeko mundua?
Martxoko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau.