Independentziaren inguruko herri galdeketa egingo du ekainean Hitzartu elkarteak, eta aukera aprobetxatu du Natulek testuinguru horretan euskararen pisua eta haren aukerak zein diren lantzeko. Euskararen eta euskal estatuaren bueltan ehundaka galdera, erantzun eta iritzi egon daitezke, eta horiek mahaira ateratzea da solasaldiaren xedea.
Horretarako, punta-puntako solaskideak izango dira datorren ostegunean. Ibilbide desberdineko hizlariak batuko dira Sanagustinen: Lorea Agirre kazetaria eta Jakin aldizkariko zuzendaria; Hedoi Etxarte idazlea eta Iruñeko Katakrak kulturguneko kidea; eta Mikel Irizar Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasunerako zuzendaria. Moderatzaile lanak, berriz, Irati Sarasua Hamaika Telebistako kazetariak egingo ditu. Eskarmentu handiko elkarrizketatzaile eta aurkezlea da Sarasua.
Natul euskara taldearentzat ohore bat da gai hau lau parte-hartzaile horiekin jorratzea. Uste dugu aberasgarria izango dela solasaldia, eta bateko zein besteko iritziak entzuteko aukera izango dugula. Hori dela eta, streamming bidez ere eskainiko dugu mahai-ingurua, Erlo Telebistari esker; erlotelebista.eus webgunean, Uztarria.eus atarian, urolakosta.hitza.eus-en eta sanagustinkulturgunea.net-en egongo da aukera hura zuzenean jarraitzeko.
Azpeitiar zein bisitari guztiak animatu nahi ditugu solasaldira etortzera, uste baitugu merezi duen hitzordu bat dela datorren ostegunekoa.