Beraz, udalaren ohiko jarduna euskaraz izan dadin bermatzeko lanean segitzeaz gain, beste ildo batzuetan ere arreta jartzea erabaki zuen UEMAk, ildo estrategiko berriak onartuz. Laburrean esanda, udalak euskalduntzeaz gain, udalerriak ez erdalduntzeko ere lanari ekitea erabaki zuen. Euskarazko funtzionamendua bultzatzea, UEMAren lurgunea handitzea eta udalerri euskaldunak zaintzea nabarmentzen zuten ildo estrategiko berriek. Agintaldi honetan, pasa den udazkenean, UEMAren Zuzendaritza Batzorde berria hautatu zutenean udal ordezkariek, aurreko agintaldian hasitako lanari segida ematea eta ildo horietan sakontzea izan da gure lehen egitekoa.
Udalerri euskaldunen zaintzari dagokionez, aurten, Batzar Nagusiak urtarrilean onartu zuen moduan, UEMArentzat giltzarria da Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa. Izan ere, azken urteotan hainbat erakunde publikoren artean antolatutako Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiek erakutsi diguten bezala, hirigintza planek eragin zuzena dute edozein arnasguneren bilakaera soziolinguistikoan, Galesen, Euskal Herrian, eta edonon. Galestarrek lortu dute Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa legez bermatzea, gaelikoaren zaintzan mugarria izango dela iritzita. Hemen ere lege babesa beharrezkoa dela uste dugu askok, eta ildo horretan lanean aritzea erabaki dugu UEMAn, adostasunez, bai Zuzendaritza Batzordean eta baita Batzar Nagusian ere.
Lan horri helduta, aurtengo helburu zehatzak ere finkatuta ditugu: udal hautetsi, arkitekto eta aparejadoreek Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa ezagutzea, erakundeek ELE aplikatzeko babesa lortzea, hizkuntza aholkularitzak formatzea, udalak informatzea ahalik eta plan orokor gehienetan ELE egin dezaten, eta egindako lana jendarteratzea. Zentzu horretan, Orioko eta Baztango udalek azken hilabete eta asteotan egindako lanak eredu dira gainerako udalerri euskaldun guztientzat.
Horregatik, arretaz segi dugu azken asteotan eragin linguistikoaren gaia jendarteratu orduko sortu den eztabaida. Pozik batzuetan, zenbait hedabidek gaiari eman dioten garrantziagatik eta herritarrak zein erakunde publikoak kontzientziatzeko ematen ari garen pausoengatik. Kezkaz beste batzuetan, eskuineko zein ezkerreko abertzaleek zabaldu dituzten mezuengatik. Proiektu zehatz baten aurka egoteko arrazoia horrek izango lukeen eragin linguistikoa izatea penagarria dela irakurri dugu. Baita "mezkitarik ez, moroak ekarriko dizkigulako" bezalakoa dela "urbanizaziorik ez, datozenek ez dakitelako euskaraz" esatea ere.
Horrek guztiak agerian uzten du udalerri euskaldunen zaintzaren inguruan oraindik ere egiteko daukagun pedagogia guztia. Horretan ari gara UEMAn, arnasguneei buruzko erakusketarekin eta tailerrekin, udalerri euskaldunetarako hezkuntza proiektu zehatzarekin, eta beste hainbat konturekin. Herritarren eta erakunde publikoen sentsibilizazioa ezinbestekoa da, hizkuntzaz ari garenean, ekologian eta beste esparru batzuetan hain ohikoak diren kontzeptuak ulertezinak bihurtzen direlako askorentzat. Azken batean, gai honekin ere bide berria zabaltzen ari gara, eta bideak zabaltzen hasten direnean, ohikoa izaten da zalantza, kezka eta mesfidantza. Hirigintzak genero ikuspegia lantzea edota ingurumena zaintzea arrotza zitzaigun duela zenbait urte, baina gaur ohikoa ez ezik beharrezkoa ere ikusten dugu. Denborak esango digu gure herrien izaerari eusteko gai hau zein garrantzitsua den, baina guk argi dugu: Euskal Herriaren arnasguneak diren udalerri euskaldunak erdalduntzen ari dira, eta ezinbestekoa dugu horiek berariaz zainduko dituen lege babesa, bai eragin linguistikoa ebaluatzeko eta bai antzeko ekimenak zabaltzeko.