Orain dela bi urte hasi zen Udala alokairua ordaintzeko diru laguntzak ematen eta aurten ere hala egingo du. Iaz bezala, 150.000 euro bideratuko ditu Udalak etxebizitza premia duten kolektiboei diru-laguntza ematera. Hala ere, laguntzak eskatzeko irizpideak egokitu dituzte "behar errealetara egokitzeko eta laguntza premia duten guztiengana iristeko".
Modu horretan, aurten 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, banatutako herritarrek, 70 urtetik gorakoek, mugikortasun arazoak dituztenek eta alargunek eskatu ahal izango dituzte alokairua ordaintzeko diru-laguntzak. Gainera, etxebizitza partekatzen duten guztiek onurak izan ditzaketela azaldu du Udalak, "baldin eta errentamentu kontratua denek sinatzen badute banan-banan". Diru laguntzen oinarriak "eskaeren arabera" egokitzen ari direla azaldu dute.
Horiek eskatzeko epea zabalik da dagoeneko eta urriaren 15era arte egongo da udaletxean eskaera egiteko aukera. Eskaera orriak eta oinarriak Udaleko webgunean edota Azpeitia Berritzenen bulegoetan daude eskuragarri.
Iaz bezala, laguntzen zenbatekoa diru-sarreren araberakoa izango da aurten ere. Ondorengoak dira baremoak:
- 0 euro eta 15.000 euro artean: alokairuaren %50 ordainduko zaio.
- 15.000 euro eta 21.000 euro artean: alokairuaren %40 ordainduko zaio.
- 21.000 euro eta 30.000 euro artea: alokairuaren %30 ordainduko zaio.
- 30.000 euro eta 35.000 euro artean: alokairuaren %20 ordainduko zaio
Diru laguntzak eskatzeko alokairuaren errentak 550 euro baino gutxiagokoa izan behar du. Hori horrela, honako hauek dira Udalak eskainiko dituen laguntzak:
- Alokairua ordaintzeko, gehienez, 250 euro banatuko ditu.
- Alde Zaharra Biziberritzeko prozesuaren baitan, gune horretan alokairuan bizitzen jartzen direnek 50 euro gehiagoko laguntza jasoko dute. Beraz, Alde Zaharrean etxea alokatuz gero, gehienez, 300 euroko languntza izango dute.
- Laguntza hamabi hilabetekoa izango da.
- Iaz laguntza jaso zutenek ere eska dezakete aurten laguntza, baina %25 murriztuko zaie jasoko duten zenbatekoa.
Aloikairua sustatzen jarraitzeko nahia
"Gaur egungo merkatuan etxebizitzen alokairuak prezioa altuak ditu, eta krisi ekonomikoak gogor astindu dituen kolektiboentzat oso zaila da, gaur egun etxebizitzen alokairua ordaintzea", adierazi du Aitor Bereziartua zinegotziak. Hori ikusita, Udala herritarrei laguntzak ematen hasi zela azaldu du Bereziartuak.
Ainara Larrañaga zinegotziak azaldu duenez, "Azpeitiko Udala jakitun da gaur egun oso etxe gutxi daudela alokatzeko merkatuan". Hori dela eta, Udalak "alokatzeko moduan" etxebizitza duten herritarrak etxebizitzak merkatura ateratzera animatu nahi dituela esan du zinegotziak. "Laguntza hauek etxejabeentzat ere berme bat" direla azpimarratu du Larrañagak.
Azken bi urteetan, guztira 115 pertsonek jaso dituzte alokairua ordaintzeko diru-laguntzak. 2014. urtean, gazteei zuzendu zitzaizkien laguntzak eta 47 lagun izan ziren sustengu ekonomikoa jaso zutenak. Iaz, berriz, beste zenbait kolektibori ireki zitzaion diru-laguntza eskuratzeko aukera, eta 68 pertsonek jaso zuten laguntza.