Bihar bi urte izango dira Euskal Herriaren estatus politikoaz lehen herri galdeketa egin zenetik: Etxarri Aranatzen izan zen, Euskal Herri independenteaz. Urte berean Arrankudiagan euskal estatu subiranoaz itaundu zuten, eta aurtengo kontsultak ere euskal estatuaz izango dira: euskal estatu independenteaz (Azpeitian eta Debagoienan) eta burujabeaz (Diman eta Gipuzkoako Goierrin); Ispasterren eta Bakaikun oraindik ez dute galderaren berri eman, baina litekeena da han ere euskal estatuaz aritzea. Katalunian, aurreneko galdeketatik hasi ziren katalan estatuaz galdezka, Arenys de Munten, 2009ko irailean: "Ados al zaude Katalunia zuzenbide Estatu independente, demokratiko eta sozial bat bilakatzearekin, Europako Batasunaren barruan?". Kultura politiko ireki baterako garrantzitsua da galdetzea eta garrantzitsua da galdeketako parte hartzea (ereitea eta kopurua), eta estatus politikoaren bidea urratzeko galdera ere garrantzitsua da, oraingo hauek bezalako kontsulta ez-lotesleen kasuan ere norabide bat markatzen baitu. Giannina Braschi: "Galderek ez dute egia aldatzen. Baina mugimendua ematen diote". Laburpen gisa, aurtengo galdeketen titularra garbi geratuko da: horrenbesteko parte hartzea eta horrenbestek baiezkoa euskal estatuari. Gaur-gaurkoz ez dago prozesu independentistarik, eta estatua izateko bidean geltokiak leudeke. Bitartean, horixe: mugimendua.