Zuzendaritza Batzordea aldatzeko prozesua hasi du Lagun Onak Futbol Elkarteak

Uztarria.eus 2016ko apirilaren 13a

Denboraldi honen amaieran bukatuko du bere jarduna 2011. urtean eratu zen Zuzendaritza Batzordeak. Orain batzorde berria eratzeko prozesuarekin hasi dira, eta kide izan nahi dutenei edo interesa dutenei hautagaitza-proposaena "ahalik eta azkarren" aurkezteko dei egin diete.

2011ko urrian hartu zuen lau urteko agintaldia egungo Lagun Onak Futbol Elkartearen Zuzendaritza Batzordeak. Joan den denboraldian, 2015eko ekainean, bete zuten ohiko lau urteko epealdia eta Zuzendaritza Batzorde berria eratzeko kanpaina jarri zuten martxan. Ez zuten helburua bete, ordea, eta beste denboraldi bat gehiagoz batzordean jarraitzea erabaki zuten bertako kide zirenek. Ekainean bukatuko da egungo Zuzendaritza Batzordearen jarduna eta dagoeneko batzordea aldatzeko prozesuarekin hasi dira. 

Mikel Izurieta Lagun Onakeko presidenteak azaldu ditu Zuzendaritza Batzordea aldatzaren arrazoiak: "Estatutuetan jasoa dagoen lau urteko epea bete dugu, aldaketak positiboak direla uste dugu, Elkartearen kudeaketari indar berria ekarriko diotelako. Horrez gain, hau bezala borondatezkoa den jarduera batean, arduretan txandakatzeak lagundu egiten dio arduradun berriek ideia eta ikuspegi berritzaileak aurkezteari, eguneroko jardunerako eta estrategiarako". 

Lagun Onak Elkartearen Zuzendari Batzordea hartzeko "une egokia" dela ere azaldu du Izurietak, "finantzen egoera positiboa delako, zorrik gabekoa, eta aurrekontu-oinarri jasangarriekin. Gainera, kirol-egitura ondo antolatuta eta finkatuta dago", azaldu du kirol elkarteko presidenteak. 

Hautagaitza-proposamenak aurkezteko deia

Zuzendaritza Batzorde berriko kide izan nahi dutenei dei egin diete egungo batzordetik: "Jendea bultzatu nahi dugu bere hautagaitza-proposamena aurkeztera ahalik eta azkarren, datorren denboraldiaren planifikazioari behar adina denborarekin ekiteko", azaldu du Mikel Izurietak. Bestalde, esan du, egungo batzordeko kideak prest daudela Zuzendaritza Batzorde berriari laguntzeko eta eskura dituzten informazio, ezagutza eta irizpideak pasatzeko, "kudeaketa hartzeko trantsizioa errazago izan dadin". 

Informazio zabalagoa jaso nahi izanez gero, info@lagunonak.com helbidera idatzi behar da, izena eta harremanetarako telefono bat jarrita. 943-81 59 07 telefono zenbakira ere deitu daiteke, astelehenetan 20:00tatik 21:00etara bitartean. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide