Baigeraren urteko batzar orokorra

Erabiltzailearen aurpegia Baigera elkartea 2016ko api. 13a, 12:43

Apirilaren 7an egin zen batzarreko irudi bat.

Apirilaren 7an izan zen Baigera Azpeitiko Jubilatu eta Pentsiodunen Elkartearen urteko Batzar Orokorra. 34 bazkidek hartu zuten parte bertan. 

Maria Luisa Oiarzabal lehendakaria elkarrizketatu dugu bilera horretan hitz egindakoak azaltzeko.

Zer moduz joan da joan den urtea?

Urtea ondo joan da. Betiko ekintzak antolatu ditugu eta horien berri eman dugu batzarrean.

Zeintzuk osatzen duzue Baigera eta nola antolatzen zarete?

Baigeran 1.770 bazkide gara, 1.010 emakumezko eta 760 gizonezko. Urtean behin egiten dugu batzarra eta bertan urteko kontuen berri emateaz gain, batzordea berritzen da. Batzordea da Baigerako funtzionamenduaz eta urtean zeharko ekintza guztiak antolatzeaz arduratzen dena. Hauek dira orain arteko Batzordea osatu dutenak: Maria Luisa Oiarzabal, Mari Karmen Etxaniz, Joan Amenabar, Pello Odriozola, Kontxi Urrutia, Kontxi Esnal, Lurdes Olaizola eta Jesus Olaizola. Datorren urteko batzorderako Joan Amenabarrek jarduna utziko du eta Patxi Altzibar izango da batzordeko kide berria.

Zeintzuk dira Baigera urtean zehar egiten dituen ekintzak?

Hainbat ibilaldi antolatzen ditugu, aisialdi nahiz kultura mailakoak eta egun osokoak. Baita egun erdiko mendi irteerak ere. Orain dela bizpahiru urte hasi ginen era horretako irteerak egiten eta jendea oso gustura ari da parte hartzen.

Jubilatuak jan-edaneko ibilaldi eta ekintzatan asko ibiltzearen fama daukazue. Egia al da hori?

Egia da ibilaldi, mendi irteera eta beste ekintzetan ondo pasatzera ere joaten garela, baina ez da izaten hori helburu bakarra, ezta nagusiena ere. Ibiltzera joaten gara eta inguru desberdinetako lekuak, bertako ezaugarriak, gertakizunak eta egoitza historikoak ezagutzeko ere aprobetxatzen dugu. Eta, dudarik gabe, elkarren arteko ezagutza eta harremana aberasteko baliatzen dugu hori guztia eta, seguruena, hori da nagusiena.

Ibilaldiez gain, zer azpimarratuko zenuke?

Eskulan, aisialdi eta kultur ekintzak ere bultzatzen ditugu, hala nola, marrazketa, dantza, josketa, puntua eta gantxiloa, yoga, gimnasia, ostiraleroko bingoa, karta jokoak edota tailer ezberdinak. Hainbat hitzaldi ere bai, alarguntasunari buruzkoak, pentsioen etorkizunaz… Herriko ekintzetan ere parte hartzen dugu: Kantu jira, errege bezperako pajeak, Santo Tomas txosna Caritasekoekin batera, Egoitzara eta Eguneko zentrora bisitak opari eta erregaliekin Santo Tomas egunez eta erregenetan. Gainontzeko herriko ekintzetan ere beste edozein talde bezala parte hartzea nahi dugu.

Arlo sozialean ere ari omen zarete hainbat esparru lantzen. Zertan ari zarete eta zeintzuk dira zuen asmoak?

Bai badago lan talde berezi bat, Arlo Sozialekoa, gai horretaz arduratzen dena. Gure helburua herriko jubilatu eta pentsiodunei ahalik eta bizitzeko baldintzarik duinenak bermatzea da. Pentsioa eta beste eskubideen murrizketen aurrean jubilatuok antolatu eta mugitu egin behar dugula deritzogu. Herriko jubilatu eta pentsiodunekin zerikusia duten erabakietan parte hartzea eskatzen dugu. Aurretik hasitako lan ildoari jarraituz orain dela hiru urte eskaera bat egin genion Azpeitiko udalari, herriko jubilatuen egoerari buruzko azterketa-diagnostiko bat egin zezan. Jubilatuena bakarrik ez, baizik, herri osoko egoerari buruzko azterketa egin zuen udalak SIIS erakundearen bitartez. Azterketa honetan agertu diren beharrei erantzuteko, eta, bereziki jubilatuoi dagokigunean, etorkizunera begira zer behar, zer zerbitzu eta zer baliabide behar diren aurreikusteko eta horien gauzatzean udalarekiko kolaborazioa eta partaidetza ari gara Baigeratik bultzatzen, pobreziaren atalasetik beherako diru sarrera duen jubilaturik (hilean 830 euro) herrian izan ez dadin.. Adibidez, Zaharren egoitza, Eguneko Zentroa, etxez etxeko laguntza, menpekotasuna, adinekoen behar eta laguntza sozial eta abarren inguruan gaur egungo egoera nolakoa den eta etorkizuna nolakoa izango litzatekeen landu nahi dugu udalarekin. Gai hauei guztiei buruzko informazioa jubilatu guztiei helaraztea ere gure helburua da.

Zerbait aipatuko al zenuke aurtengo Batzarreko gai berezi bezala?

Zerbait azpimarratzekotan, pare bat gauza aipatuko nituzke. Orain arteko Estatutuak eta izena gazteleraz zeuden erregistratuta eta euskaraz erregistratuko ditugu. Baigerak bere ekintzen berri emateko bere webgunea izatea ere gauza polita dela esango nuke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide