Igandean, apirilak 17, "Amnistiaren bidean, euskal preso eta iheslariak etxera" lelopean Bilbon egingo den manifestaziora joateko deia egin diete herritarrei, Urola Kostako hainbat preso eta iheslari ohik.
Horiek azaldu dutenez, "Estatuak dira gur egun helburu politikoak eskuratzeko indarkeria darabiltenak. Euskal preso eta iheslariak bahitu politiko gisa dituzte eta salbuespen neurriak ezartzen dizkiete". Hori salatzeko mobilizatuko dira asteburuan Bilbon. Horren harira, dei egin diete "elkarlanerako" sakabanaketaren aurka, presoen etxeratzearen alde lanean ari diren edota aldekotasuna adierazi duten eragile sozial eta instituzional guztiei.
Manifestaziora joateko autobusa antolatu dute eta Orkatzen eman daiteke izena. Igandean 10:30ean irtengo da autobusa anbulatorio aurretik. Manifestazioa 12.00etan hasiko da La Casillatik.
Urola Kostako hainbat preso eta iheslari ohiren oharra:
Euskal Herriari bere geroa eraikitzeko aukera bahitu diote estatu espainiarrak eta frantziarrak luzaroan. Gatazka luze bezain gordinean murgildurik bizi izan gara, beraz, eta preso edota iheslari izatea ere egokitu zaigu.
Gatazkaren funtsezko arrazoiak hor dirau oraindik, eta, borrokak ereindako haziari atxikiz, ezker abertzale osoaren hautua gure egin dugu. Soilik molde politiko eta demokratikoetatik aurrera egiteko erabakia fermuki babesten dugu. Espetxean eta erbestean jorratutako sendotasun eta erabakiortasun berean diogu, gure ekarpen militantea egin nahi dugula, Zutik Euskal Herriak ireki eta borroka armatua baztertzeko ETAren behin betiko erabakiak abiatu zuen bidean.
EPPK-k, 2013ko bere agirian adierazi ildoan eginak ditu jada urratsak, guztien espetxe aldaketa eskatuz, preso gaixoen kaleratzea lortzeko edota baldintzapeko askatasun eskariak Frantzian, eta zigor murrizketak defendatzeko helegiteak bideratuta. Urrats hauek ez dute baliorik izanen euskal jendartearen inplikazioarekin batera ez badoaz.
Guk hauxe diogu, ozen: beraiekin bat egiten dugula jasaten duten bortizkeria sistematikoari aurre egiteko borrokaldi eta ahalegin guztietan, baita legedi barneko baliabideak erabiltzeko erabaki eta urratsak ematean ere. Banan banako urrats eta gauzatze moldeak ekarriko dituzten arren, erabaki kolektiboak izango baitira, aurrekoak ziren bezalaxe.
Estatuak dira gur egun helburu politikoak eskuratzeko indarkeria darabiltenak. Euskal preso eta iheslari politikoen aurkako bortizkeria, jazarpena, zigor erantsiak... Bahitu politiko gisa dituzte, salbuespen neurriak ezartzen dizkiete, eta haienarekin batera beren senideen sufrikarioa areagotzetik etekin politikoa atera nahian ari dira etenik gabe Madril eta Parisetik.
Euskal jendartearekin batera ekinez gainditu behar dugu ezartzen diguten langa hori, estatuek ezarritako blokeoari aurre eginaz premia biziz. Eta badakigu ez dela egun bakar batean gauzatuko; era dinamiko eta antolatuan emango da preso eta iheslarien etxeratzea.
Euskal preso politikoen Euskal Herrirratzea eta etxeratzearen aldeko lanean murgiltzera gatoz. Horren adierazle, dei egiten dugu apirilaren 17an, eguerdiko 12etan Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzera. Eta sakabanaketaren aurka, presoen etxeratzearen alde lanean ari diren edota aldekotasuna adierazi duten eragile sozial eta instituzional guztiei elkarlanerako gonbitea luzatzen diegu.