Nondik sortu zen Paradisu Zinema zineklubaren eguna antolatzeko ideia?
Zinekluba sortu zenetik ikusi genuen zineklubaren eguna antolatzeko beharra, bi helbururekin nagusiki: batetik, 6 hilabetez egin dugun urteko ohiko jardunaren zikloari amaiera berezia eman nahi diogu, festa kutsukoa, urtean zehar fidelizatutako ikuslegoarekiko detailetxoa edukiz. Bestetik, zinekluba herriratzeko aukera izan daitekeela ere uste dugu, hau ezagutzera emateko, irudia indartzeko... baita ostegunetako ohiko jardunarekin erakarri ez dugun jendearengana iristeko ere, astebukaeran izango baita.
Orain arte helduei zuzendutako emanaldiak egin ditugu, eta oraingoan publikoa zabaltzen ere saiatuko gara, umeei zuzendutako egitaraua ere antolatu baitugu.
Zineklubaren izen bera duen filma eskainiko duzue larunbatean.
Zineklubari Paradisu zinema izena jartzea erabaki genuen film honengatik, eta argi geneukan Nuovo cinema paradiso (1988) filma eskaini beharra geneukala. Film hau zine munduari buruzkoa da, haur batek zinea zein ilusiorekin bizi duen kontatzen digu. Zineklubera hurbiltzen den jendeak zinea nola bizi duen ere oso ondo islatzen du, liluratzen gaituen zerbait delako. Film klasiko bat da, askoren ustez historiako onena, zinearen ikuspegi klasikoa aldatu zuena.
Bestalde, Joxin zenak ere, lehengo Soreasu antzokiko arduradunak, oso gustukoa zuen film hau, eta hau ere arrazoietako bat izan da zineklubaren egunean eskaintzeko.
Emanaldiaz gain, afaria ere egingo dugu, egunari amaiera borobila emateko. Bertan hamaika gauzataz hitz egiteko aukera izango dugu lagun giroan: filmaz, zineklubaz, aurrera begirako proposamenez… publikoarekiko gertutasuna bilatzen saiatzen gara zineklubean, emanaldien ondoren solasaldiak eginez edo jendeari proposamenak eskatuz.
Helduenaz gain, umeentzako proiekzioa ere antolatu duzue.
Beste publiko batengana iristeko asmoari lotuta prestatu dugu umeentzako eskaintza, zinekluba herriko umeengana hurbiltzeko asmoarekin. Bide batez, Txiki Biran egitasmoari gure ekarpentxoa ere egin nahi izan diogu. Umea eta mundua (2013) film mutua aukeratu dugu horretarako, 2016ko Oscarretan animaziozko film onenerako izendatua. Gaur egun teknologiak mundua harrapatuta nola daukan islatzen du, naturako elementuak erabiliz, eskuz egindako marrazkiekin.
Gaur egun umeentzako egiten den zinea oso formatu itxikoa da, geroko zine komertzialera bideratuko dituzten filmak egiten dira, akziozkoak, biolentoak... Honekin haustea ere nahi dugu, beste zine eredu bat ikusteko aukera eskainiz eta aktiboagoa den ikustaldia bilatuz.
Filmaz gain, tailerra ere izango dute gaztetxoek.
Zineklubaren helburua, fima ikusteaz gain, honek barnean eragindakoa kanporatzea ere bada. Helduen saioan hitzez egiten saiatzen gara, proiekzioaren osteko solasaldiekin. Umeekin lanketa hori beste modu batera egitea da asmoa, eta txapa tailerra egingo dugu horretarako. Ume bakoitzak filmak eragin dionarekin txapa bat egiteko aukera edukiko du. Honela, saioa partehartzailea izatea eta sormena lantzea ere nahi dugu.
Ohiko jardunarekin amaituko duzue larunbatean. Baina zein dira aurrera begirako asmoak?
Maiatzetik urrira bitartean elkarlanean antolatutako emanaldiak izango ditugu. Batzuen bila gu joan garen arren, proposamen asko etorri ere egin zaizkigu, eta biak uztartzen saiatu gara.
Lehenengoa, Neskatoak dokumentalaren emanaldia izango da, maiatzaren 19an, osteguna, Soreasu antzokian. Emakume Txokoarekin eta Udaleko Parekidetasun Sailarekin elkarlanean antolatu dugu. Memoria historikoa lantzen du dokumentalak, hain justu, gerra zibilean emakumeek izandako papera. Jon Abril egilea bera etorriko da dokumentala aurkeztera.
Maiatzaren 24tik 26ra, berriz, Mendi Tour jaialdiaren bigarren edizioa izango dugu, Mendi Astearen baitan. Sokaitz Eskalada taldearekin eta Lagun Onak Mendi Bazkunarekin elkarlanean arituko gara, eta Bilbao Mendi Film Festibalean saritutako filmak eskainiko dira.
Umeei zuzendutako emanaldiei dagokienez, Pippi Langstrump filma eskainiko dugu Sanjuandegin, aire librean. Hemen XJ Auzolanean taldearekin gabiltza elkarlanean.
Uztailaren 1ean, ostirala, LGTB Harrotasun egunari lotuta, 52 martes (2013) filma eskainiko dugu plazan, aire librean. Hau ere Emakume Txokoarekin eta Udaleko Parekidetasun Sailarekin batera antolatu dugu. Udal Musika Bandarekin ere zerbait egiteko asmoa badugu, 150. urteurrenaren harira.
Azkenik, irailaren 1 eta 2rako, Donostia 2016tik jasotako proposamen batetik sortutako proiektua dugu. “Bake ituna” proiektuaren baitako “Aldiriak” egitasmoaren saio bat Azpeitian egingo da, Nuarben. Juan Luis Moraza artista etorriko da bertara, irailaren 3an, eta ikuskizun bat egingo du. Gerra eta honek sortutako tentsioa landuko du Morazak, eta artistak irudikatu nahi duen hori zinearen bitartez lantzeko aukera ere badagoela ikusi zen. Hala, bi dokumental eskainiko dira, Albaniako konkista (1983) eta Lamerica (1994), eta ondoren solasaldiak egingo dira.
2015eko udazkenean sortu zen Paradisu Zinema zinekluba. Nolako esperientzia izan da?
Gustura gaude orain arteko jardunarekin, herritarrei bestelako zine eskaintza bat ikusi ahal izateko aukera eskaini diogulakoan gaude. Hori ikusita, urrian ohiko jardunari ekingo diogu berriro, ostegunetako proiekzioarekin eta Creative Commons jaialdiarekin. 2017rako ere baditugu ideia berriak. Bestetik, gogorarazi nahi dugu oraindik bonoa eskuratu daitekeela, 2016 amaiera artekoa baita.