Joan den igandean, hilak 17, jokatu zen XXV. Herri Mailako Amuarrain Arrantza Txapelketa. Alebin, benjamin eta infantil mailako 28 arrantzalek hartu zuten parte, herrian goraka doan zaletasuna aldarrikatuz.
09:00etan Enparan Dorretxearen aurrean elkartu ziren eta 9:30ean sartu ziren ibaira txapelketan izena eman zuten gazte guztiak. 11:30ak arte zuten tartea amuarrainak harrapatzeko. Uraren egoera ez zen arrantzarako egokiena izan, eta azken hilean amuarrainen birpopulaketari dagokien araudiaren aldaketaren ondorioz, arrantzale gazteek arrain gutxi arrantzatu zituzten. Hala ere, zailtasun guztiei aurre eginez, partaide guztiak gogotsu jardun zuten beren dohainak erakutziz.
Egun zoragarria pasatu zuten parte-hartzaileek. Amaieran sari banaketa egin zen eta partaide guztiek beren oparia jaso zuten.