Bihar amaituko da energia berriztagarrien ikastaroan izena emateko epea

Erabiltzailearen aurpegia Elkar-ekin 2016ko api. 20a, 12:44

Gazte Informazio Bulegoan eman behar da izena edo 943-15 71 60 zenbakira deituta. Bihar bertan bilera bat egingo dute, ikastaroaren nondik norakoak azaltzeko, 19:00etan Sindikatu Zaharrean. 

Energia eredu berrien beharra eta horiekiko interesa ikusita, herriko zenbait eragilek Usurbilgo Lanbide Eskolako irakasleekin elkarlanean, energia berriztagarrien inguruko hiru saio eskainiko dituzte Azpeitian.

Ikastaroan parte hartzeko izen-emateak oso erantzun ona izan du orain arte, baina oraindik badago lekua herritar gehiagorentzat. Bihar, osteguna, arratsaldean amaituko da bertan izena emateko epea. Arratsaldeko 19:00etan bilkura egingo da Sindikatu Zaharrean, izena eman dutenen eta ikastaroa emango dutenen artean, saioen nondik norakoak azaldu eta aztertzeko.

Ikastaroan parte hartzeko izen-ematea, Gazte Informazio Bulegoan egin behar da edo 943-15 71 60 zenbakira deituta. Saioak, berriz, ondorengo hiru asteazkenetan izango dira: apirilaren 27an eta maiatzaren 4an eta 11n, 18:00etatik 21:00etara. Plazak mugatuta daude baina interesa duten herritar guztiei lekua egiteko esfortzua egingo da. Adin guztietako lagunei irekitako tailerrak izango dira.

Energia berriztagarrien esparrua oso zabala denez, ikastaroaren edukiak zehazteko orduan izena ematea nahi duten herritarren behar eta interesetara egokitzen saiatuko dira. Biomasa bidezko berokuntza instalakuntzak, eguzki energia fotovoltaikoa eta termikoa, aerosorgailuak, bero ponpak edota geotermia bezalako gaiak egongo dira aukeran. Tailer horien helburuak herritarrak pixkanaka energia eredu berrien gaietara hurbiltzea, energia berrizgarraiei buruzko ezagutzak lantzea eta autokontsumotik energia burujabetzarako bidean lehen pausoak ematea dira.

Elkar-ekin, Gazte Informazio Bulegoa, Piztu eta Usurbilgo Lanbide Eskolak antolatu dituzte saioak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide