Liburuaren Nazioarteko Eguna da gaur, apirilak 23, eta horren harira kalera atera dira Udal liburutegiko arduradunak. Goizetik hasita, liburuak hartu eta erosteko aukera izan da plazan, baina ez hori bakarrik. Izan ere, Xalto pailazoaren emanaldia ere izan da. Xaltok kontuan izan du gaur Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta berak ere liburutegi eramangarria ekarri du Azpeitiko plazara, ikuskizuna ikustera bertaratu diren umeei liburuak irakurtzeko grina sortzeko asmoz.
Gaurko egitasmoekin amaiera eman diote astelehenean hasi zuten egitarauari. Aste osoan zehar hainbat ekimen egin dituzte Udal liburutegian liburuaren egunaren bueltan, besteak beste, Iñaki Petxarromanen Kearen Fiordoa eleberriaren inguruko literatur solasaldia, Gure seme-alabei ipuinak nola kontatu tailerra, ipuin kontaketa eta Irakurketa Errazaren festa.