Zuk jai eta nik lan

Erabiltzailearen aurpegia Txetxu Urbieta 2016ko mai. 4a, 11:51

Gorria ez da nire kolorea. Gorriak, egutegikoak, gorriak pasarazten dizkit, zuk jai eta nik lan. Pasa da eta kito, baina gauzak diren bezala, zuri oso motza egin arren niri, aurten ere, oso luzea egin zait. Autopistan kontrako norabidean doan kotxearen itxura hartzen diot neure buruari. Zuk jai eta nik lan. 

Mundua gaizki antolatua dago. Eta pentsatzen hasita, zazpigarren eguna jai egiteko agindu zuenaren izenean gorriz margotzen dituzten egunetan, niri lana egitea tokatzen zait. Inoiz baino gehiago gainera. Trukean zerua ala inpernua dagokit? Inpernua, mesedez, inpernua.

Aste Santua pasatu da, 14 egunak akabo. Zaharren hizkeran, oraingo Aste Santua ez da lehen garai batekoa bezalakoa. Gure txikitakoa hirugarren graduko kartzela zigorraren tankerakoa zen. Presoek gauez kartzelara itzuli behar dute eta fededunok arratsaldean, ezinbestean, mezetara joan behar genuen. Urteko meza luze eta astunenak. Zelako sermoiak, batzutan tratu txarretatik gertu. Elizatik atera eta kalean dena hilda. Etxera joan, telebista piztu eta 10 Aginduak. Arrazak hobera egin du eta orain bakoitzak nahi duena edo ahal duena egiteko aukera du. Zalantza bat, mezetan zaudenean, apaiza sermoia botatzen ari denean, zure gorputza Elizan dago baina zure burua, non egoten da?

Laister berriro ere Elizara itzuli beharko dut. Pekatu eginez sortu nindutenen urrezko ezteiak. Zerua aspaldi irabazi zenuten baina ez izan hara joateko presarik. Zorionak.

(Apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau). 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide