'Emakume kirolaria eta ikusezintasun mediatikoa' hitzaldia, Emakumeen Txokoan

Erabiltzailearen aurpegia Emakumeen Txokoa 2016ko mai. 4a, 18:54

Maiatzaren 10ean izango da, 19:00etan hasita, eta Mariate Bizkarra izango da hizlaria. Arreta berezia merezi duen gaia da, eta emakume kirolariei protagonismoa eman nahi zaie.

Kirola egitea emakumearentzat onuragarria da, osasuna hobetzen delako, pertsonalitatea indartzen duelako, ausardia eta autoestimua goresten eta autonomia ematen duelako eta, neurri handi batean ere, emakumea askatzen duelako. Baina hainbat oztopo gainditu behar dira, tradizionalki ondo ikusita egon baita emakumeak forman mantentzeko kirola egitea, baina ez horrenbeste emakumea kirolari moduan erakustea.

Azken urteetako ikerketek demostratu dute emakumeak kirol gehiago egiten duela gizarte aurreratuenetan, baina hala ere nesken parte-hartzea mutilena baino urriagoa da. Aldiz, prentsan ez da presentzia lortzen, edo ez behintzat parte-hartzea hazi den neurrian. Eusko Jaurlaritzarako Aspic agentziak (2013) egindako ikerketa batean bistaratu zen Euskadin emakume kirolarien berriak %5,9 baino ez direla.

Prentsak emakumearen irudi faltsua ematen digu, horregatik askotan emakumeek ez dute jarraipenik bilatzen kirol barruan, epaile, entrenatzaile edo federazioko kudeatzaile moduan. Emakume kirolariak ez dira oso ezagunak, eta oso emakume gutxi bihurtzen dira kirolari profesionalak. Askotan kirola uzten dute nahiko garaiz, geroko proiekzioa ez dutelako ikusten. Hainbat kiroletan ez dago programa espezifikorik emakumeentzako, eredu gutxi ikusten dituzte eta helduen espektatibak emakumeekiko ez dira onak. Gurasoek ez dute espero beraien alabak kiroletik bizitzea. Komunikabideek eta jendarteak emakumeen lorpenak izkutatzen dituzte, eta isiltzen dituzte haien ahotsak.

Egiten diren ikerketek honelako datuak eta baieztapenak ekartzen dizkigute, eta horren inguruko informazio zabalagoa emango digu Mariate Bizkarrak. Arreta berezia merezi duen gaia da, eta emakume kirolariei protagonismoa eman nahi diegu. Hitzaldia maiatzaren 10ean izango da, 19:00etan, Azpeitiko Emakumeen Txokoan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide