Denok dakigu neguan loreak falta izaten direla gure inguruko belardietan. Kolore itzaliak eta hoztasuna dira nagusi urtaro horretan. Ziurrenik, hori aldatu nahian edo, gure etxetik eraman du lore handi eta argitsua neguak. Berarekin eraman du Jesus Agirre Martinez, ez dakizuenontzat, nire attitte.
"Azpeitian jaioa eta azpeitiar petoa” zela esanez hasi zuen elizkizuna Kepa Susperregik, "herrigintzan lana egindakoa, mankomunitatean aritutakoa, Lagun Onakeko jokalari eta zuzendaritza batzordeko partaide ohia, odol emaileen laguntzailea, Iraurgi Ikastetxeko sortzaileetakoa, eliz gizona eta abeslaria". Ez ote du, bada, gure herriko aldizkarian tartetxoa merezi? Hori guztia zen Jexux. Eta askoz gehiago. Errenkadan eta hitzak lotuaz, ordea, ezin egin merezitako deskribapena.
Gizon maitagarria zela esan dezaket, familiako gizona. Bere sei seme-alabei etorkizun hobezina emateaz gain, bere 18 bilobok beti maitasunez hezi gaituen gizona. Abestea pasio izan du eta horrelaxe helarazi digu guri ere musikariko maitasuna. Eta horrela jarraituko nukeen idatzi eta idatzi, baina nire tarteko 1700 karaktereetan ezingo nukeen amaitu. Beraz, gero arte esan nahi diot neguari eta berarekin eraman duen lorea gu zaindu gaituen bezain ondo zain dezala eskatu.
Eskerrik asko attite, gure bizitza hobea egiteaz gain Azpeitiko herria ere halaxe egin duzulako. Gero arte!
(Apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako iritzi artikulua da hau).