Ekainaren 5ean egingo du Hitzartuk independentziaren inguruko herri galdeketa Azpeitian; eta ez ekainaren 12an, aurrez esan bezala. Ez dugu nahi hauteskundeen zurrunbiloak eta alderdi politikoen arteko lehiak zipriztintzerik erabakitzeko eskubidearen aldeko dinamika hau. Herri galdeketa ahalik eta giro egokienean eta modu naturalenean izatea nahi dugu, eta ekainaren 12an hauteskunde kanpaina martxan izango denez, ez dugu uste egun horretan baldintza hauek beteko direnik. Herritarrok izan behar dugu protagonista, ez alderdiek.
Data aldatuta egitasmo hau hauteskunde kanpainaren barruan egiteak ekar ditzakeen kalte eta arriskuetatik babestu nahi dugu, ahal dugun neurrian. Aztertu ditugu beste aukera batzuk ere, udazkenera atzeratzearena, adibidez, baina EAEko hauteskundeak direla eta oraingo egoera bera errepikatu daitekeenez, ekainaren 5era aurreratzea hobetsi dugu.
Bozketa eguna aurreratzeak antolaketarako epeak laburtzea ekarriko badu ere, horri erantzuteko gai izango gara azpeitiarrok. Hilabete falta da ekainaren 5erako. Orain arte izandako laguntza eskertu eta aldi berean azpeitiar guztiei dei egin nahi diegu prozesu honetan parte hartzera eta auzolanean laguntzera. Nahi duenak hitzartuazpeitia@gmail.com helbidera idatzi dezake horretarako, edo Hitzartu edo Gure Esku Dagoko taldekideren bati esan. Hauxe da unea, orain da garaia.
Apirilaren 16ko batzar irekian azaldu genituen antolaketa lanei buruzko informazio esanguratsuena eta parte hartzera dei egiteko hainbat eragilek prestatutako ekintzak. Bozketa prozesuaren Kontrol batzordeko kideak, Jarraipen batzordekoak eta Begirale ia guztiak izendatu ditugu, baita bozkatzeko lekuak ere, eta martxan daude beste hainbat lan eta talde.
Bestalde, larunbatean Gure Esku Dagok ekitaldi bat egingo du Donostiako Zurriola hondartzan, erabakitzeko eskubidearen lehen olatuaren berri emateko. 11:00etan da, eta azpeitiarrok ere han izango gara, gainerako herrikideekin batera.
Erabakifest! arrakastatsua
Abiada eta indarra hartzen ari da herri galdeketaren dinamika. Hori sentitu dugu pasa den asteburuko Erabakifest! egunak izandako arrakastarekin, edo "Hitza, etorkizunaren giltza" abestiaren bideoak izan dituen 6.400etik gora bisitekin.
Eskerrak eman nahi dizkiogu, modu batera edo bestera, bi egitasmoetan lagundu dutenei. Zinez eskerrak musikariei, dantzariei, tabernariei, abeslariei, teknikariei... zuek gabe ez litzateke posible izango halako egun ederra osatzea. Nola ez, eskerrak gurekin kalean izan zineten herritar guztiei ere: denon artean ari gara gure proiektu txikia handi egiten.