Langak irekiko dituzte bihar, XII. Izarraizko mendi lasterketa dela-eta

Uztarria.eus 2016ko maiatzaren 6a

Eguardian irekiko dituzte Izarraizko mendi lasterketaren ibilbideko langak, eta bihar gauean itxiko dituzte. 16:00etan hasiko da lasterketa plazatik.

XII. Izarraizko Mendi lasterketa izango da bihar, eta hori dela-eta ibilbideko langak irekiko dituzte. Lagun Onak Mendi Bazkunako kideak, lasterketako antolatzaileak, arduratuko dira langak irekitzeaz eguardian eta gauean ixteaz. 

Udalak eta Lagun Onak Mendi Bazkunako kideek adierazi dutenez, "eskerrak eman nahi dizkiegu, aldez aurretik, lasterketa hau igarotzen den eremuko lur jabeei, beren borondate ona ta laguntzagatik, eta sortu daitezkeen eragozpenengatik barkamenak eskatzen dizkiegu aldez aurretik". 

Izarraizko mendi lasterketak 21 kilometro eta 1.660 metroko malda izango du, eta inguruetako tontor altuenak igoko dituzte: Xoxote, Kakute eta Erlo. Aurten, lehen aldiz, proba herrikoia antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak biharko. Proba herrikoiak, 11 kilometro eta 840 metroko malda izango du. Xoxote izango da lasterketa herrikoiaren punturik altuena. 

16:00etan irtengo dira bi lasterketak Azpeitiko plazatik eta aurreneko 5 kilometro berdinak izango dira bi probetan. Emakumezkoetan eta gizonezkoetan lehen hiru sailkatuek jasoko dute saria.

Herri galdeketari babesa

Hitzartuk ekainaren 12an egingo duen herri galdeketari atxikimendua emango dio Lagun Onak Mendi Bazkunak ere. Horretarako, euren alea jarri dute eta Izarraizko mendi lasterketaren aitzakian, azpeitiarren eta azkoitiarren arteko erronka antolatu dute. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide