Ekainaren 5eko herri galdeketa

Kriseiluzko gauak

Erabiltzailearen aurpegia Xabi Borda 2016ko mai. 6a, 14:32

Hurritz, Zelai-Luzen gaude. Ilusioak piztu eta itxaropenen kriseiluak zerura botatzera etorri gara. Kostata, baina garaiz iritsi gara. Ez dakizu zenbat denbora behar den gure ejertzito txikia mobilizatzeko: azken orduko fardel aldaketak, zure anai-arreben arropa desfileak... Azkenean, lortu dugu txukun antzean kalera irtetea. 

Jendetza dago ibaiaren bi aldeetan. Badakigu jaietan heliozko globoak zerura ihes egiten ikusteak zer plazer ematen digun: noraino iritsiko ote da elefante hori, bihurtuko ote da Doraemon katu kosmiko benetan... Baina gaurkoan badago zerbait gehiago ere. Ekainaren 12an independentziaz egingo den galdeketak herrian esperantzaren beheko-sua piztu duelakoan nago. Etxetik ekarri dugun ilusio bera ikusi uste izan dut, behintzat, besteren begietan. Sinetsita nago pospolo batetik bestera dabilela sua.

Kriseiluak ortziranzko bidea hartzen hasi dira; jendea paperezko globoak suz pizten ari da. Denok gaude gora begira. Halako zeru polita marraztu badugu gaur, zer ez dugu lortuko E12-an... Burua lanoietara doakit, eskuan kiskeroa piztuta daukadala ahaztuta.

Konturatzerako hor zoaz kotxe eta guzti zerura. Irria izoztuta geratu zait: ume-kotxea suzko globoen artean gora eta zu, inoizko Yuri Gagarinik txikiena, estratosferatik harantzago gero eta negar ozenago batetan... ... Esnatu naizen arte! Lasaitu ederra hartu dut sehaskan ikusi zaitudanean grabitatearen menpe. Ez dakit nire amets berdinera kateatua ote zinen, baina lur hartu duzunerako amak bere bularrera bildu zaitu. Abaroa baduzu. Nik, berriz, ez dakit nola geldiarazi bat bateko takikardia hau. Sukaldera jaiki naiz, baso bat esneren bila.

(Apirileko Uztarria aldizkarian argitaratutako artikulua da hau). 

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide