Richard Carapaz, XLVI. Urrakiko Igoeran garaile

Richard Carapaz, Urrakiko helmugara iristen.

Igande goizean jokatu zen txirrindulari proban nagusitasun handiz irabazi zuen Lizarte taldeko txirrindulari ekuatorearrak.

Zumarragatik barrena Mandubia igoaz bi itzuli egin behar izan zituzten txirrindulariek, azken itzulian Urraki igotzeko. 115 kilometro aurretik eta 165 txirrindulari irteeran, lehen itzulian ihesaldi saiakera ugari egon ziren arren ez zuten lasterketa puskatzerik lortu. Mandubiko lehen igoerak, aldiz, hautaketa naturala egin zuen; mendate hori jaistean erabaki zen bost txirrindulariz osatutako eguneko ihesaldia. Ihesaldi horri esker, Ampo taldeko Alex Unzuetak eraman zuen tarteko helmugen saria eta Ismael Barbak (Infisport-Alavanet), berriz, mendiko saria.

Lasterketaren erritmoa eta kontrola Caja Rural eta Lizarte taldeek izan zuten nagusiki, eta Mandubiko bigarren igoera amaitzerako hogei bat pertsonako talde murriztua gelditu zen buruan. Urraki igotzen hasi bezain pronto, hogei horietatik jendea atzera gelditzen hasi zen, eta Elosiaga pasatutakoan hamar baino gutxiago ziren taldean. Potzumentara iritsi aurreko maldek erabaki zuten proba, hantxe jo baitzuen Carapazek azken eta behin betiko erasoa. Podiuma jokatu zuten beste biak azken 400 metroak arte batera joan ziren, baina Josu Zabalak (Caja Rural) indartsuago zela erakutsi zuen Jonathan Cañaveralen (Telcom) aurrean.

Gainontzeko sariei dagokienez, taldekakoa azken urteotan bezala Lizartek eraman zuen, eta 23 urtez azpikoen onenaren saria, berriz, Cañaveralek. Azpeitiarrei dagokienez, Oier Ibargurenek (Parking Geltokia) 49. amaitu zuen proba.

Sanjuan laugarren, erorketa eta guzti

Lagun Onak TEko jubenilak ere lehiatu ziren asteburuan. Bi lasterketa izan zituzten Atracciones Sanz–Epi Kristaldegia taldeko jubenilek: igande arratsaldean Seguran eta larunbat goizean Lazkaon.

Igande arratsaldean, goizean Urrakiko lasterketan lagundu ondoren, jubenilak Segurako Santikutz Proban aritu ziren. Biko ihesaldi goiztiar batekin hasi zen lasterketa, Zegamako bi itzuliak eginda. Ondoren, Lierniko itzuliei ekin zieten; hiru itzuli egin behar izan zituzten Segura-Ormaiztegi-Lierni-Segura zirkuitoan. Lehen itzulian, bikote hori behera bota eta beste bikote batek ihes egin zuen. Hala ere, jaitsi bezain pronto lasterketa astindu zuen Antton Sanjuanek, eta beste pelotoikide batekin batera aurrera jo zuen. Laukote hori izango zen lasterketa jokatuko zuena, pelotoiari ia hiru minutuko errenta atereaz. Tamalez, Beasaingo Carrefour aurreko biribilgunean, ihesaldiko hiru kide erori egin ziren, tartean Sanjuan; eta gainontzeko hirurek elkartzea lortu bazuten ere, azpeitiarra atzean gelditu zen. Manex Irazusta (Limousin–Oriako) izan zen garailea, Mikel Alonsori (Ampo–GoierrikoTB) eta Ekaitz Txintxurretari (ULMA–Aloña Mendi) aurrea hartuz. Sanjuanek ere bere diferentziari heldu ahal izan zion eta, ondorioz, laugarren amaitu zuen lasterketa.

Larunbat arratsaldean, berriz, 16:00tan hasi zen XL. Lazkaomendiko Proba. 106 txirrindulari batu ziren irteera gunean. Ibilbidean zehar Olaberria pasatu behar izan zuten txirrindulariek, Lazkaomendiko helmugara iritsi aurretik. Alegiara itzulia egin behar izan zuten Olaberria igo aurretik, eta hortxe etorri ziren bai ihesladiak eta bai kontraerasoak, gurerik tartean ez zela. Lasterketa guztiz joan zitzaien gure txirrindulariei, erreferentzia faltak tarteko, eta erreakziorako denborarik ez zuten izan. Construcciones Victor Alvaro taldeko Xabier Mikel Azparren eta Urko Senperena eskutik helduta iritsi ziren helmugara, hurrenez hurren. Atzerago sartu zen, berriz, Iñigo Altuna (Bazpi). Lehen azpeitiarra Aitzol Odriozola izan zen, 28. helmugaratuta.

Azkenik, ezin aipatu gabe utzi igande goizean jubenil mailako Federazio Garaikurreko hirugarren proba puntuagarria jokatu zela Urdulizen. Taldekako erlojupeko modalitatean aritu ziren txirrindulariak. Gure taldeko Aitzol Odriozola Gipuzkoako Selekzioarekin aritu zen, Euskadiko Selekzioaren atzetik bigarren eginez. Zorionak, beraz, Odriozolari, Gipuzkoari zein Euskadiri, eginiko lanagatik!

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide