Berezkoen Txapelketa, eskola kiroletik abiatuta Gipuzkoako Federazioak antolatzen duena, azken fasera iritsi da. Finalaurrekoak eta finalak dira jokatzeko gelditzen direnak, eta guztiak Azpeitian jokatuko dituzte, Frontoi Txikian. Datozen bi zapatuetan, maiatzak 14 eta 21, izango dituzte hitzorduak pilotazaleek Done Jakue kaleko pilotalekuan, 16:00etan hasita.
Gipuzkoako errendimenduko bigarren urteko alebinen eta infantilen artean hautatutakoek, hamar pilotarik maila bakoitzeko, hartzen dute parte Berezkoen Txapelketan. Ilunpe elkartean ari diren hiru azpeitiarrek jokatu dute aurtengo txapelketa: Auritz Arrizabalagak, Jakes Elosegik eta Unai Alberdik. Azken hori infantil mailako finalaurrekoak jokatzeko sailkatu denetako bat da.
Sailkapen faseko partidak Tolosan eta Azpeitian jokatu ondoren, txapelketaren azken bi jardunaldiak Azpeitian egingo dituzte. Horren berri emateko prentsaurrekoa egin zuten atzo, asteartea, Frontoi Txikian bertan. Azken fasea hartzeko interesa herri askok agertzen dutela esan zuen Mikel Arregi Ertxin Gipuzkoako Pilota Federazioko Lehendakariak, eta Azpeitia aukeratu izanaren arrazoiak eman zituen: "Azpeitiak badu garrantzia Gipuzkoako pilotan. Gainera, Ilunpe pilota elkartearen martxa gazteek daramate azken urteotan, harrobi ikaragarria dago hemen, eta uste izan dugu ondo merezita duela Azpeitiak azken fase hau hartzea".
Ilunpeko Xabier Aldalurrek, bere aldetik, eskerrak eman zizkion federazioari, "aukera hau emateagatik". Esker oneko hitzak izan zituen Estitxu Elduaien Udaleko Kirol batzordeburuak ere, bai federazioarentzat, bai Ilunperentzat, egiten duten lanagatik eta txapelketaren azken fasea Azpeitira ekartzeagatik. "Herrian pilotarien harrobi izugarria dugu, urteetan lan asko egin delako. Lehengoek egin zuten, eta oraingo zuzendaritza berriaren lanari esker ere Azpeitia pilota munduan erreferente da", esan zuen. Gaur egun punta-puntan dabiltzan pilotari gipuzkoar gazte gehientsuenak bere garaian Berezkoen Txapelketan aritu zirela ere ekarri zuen gogora Elduaienek, "beraz, ez da kalitaterik faltako".
Hauek dira zapatu honetan jokatuko diren finalaurrekoak:
Alebinak:
- Amiano (Añorga PE) vs Olaizola (Añorga PE)
- Orbegozo (Añorga PE - Aia) vs Gabirondo (Tolosa)
Infantilak:
- Alberdi (Ilunpe - Azpeitia) vs Garcia (Goierri)
- Azkoitia (Euskal-Jolas) vs Unanue (Añorga PE)
Markagailu elektronikoa Frontoi Txikian
Gipuzkoako Berezkoen Txapelketaren azken faseko partidak ikustera joaten direnek berrikuntza bat ere topatuko dute Frontoi Txikian. Izan ere, pilotalekuak markagailub elektronikoa estreinatu berri du.