Inoiz baino talde gehiago izango dira hamargarren Azpeitia Cup txapelketan

Uztarria.eus 2016ko maiatzaren 12a

Gaur, goizean, aurkeztu dute Azpeitia Cup txapelketa, Sanagustinen

Ekainaren 10ean, 11n eta 12an izango da alebin mutilen txapelketa. Guztira, 30 talde arituko dira, Euskal Herrikoak eta Espainiatik etorritakoak. Infantil nesken Azpeitia Cup, berriz, ekainaren 18an eta 19an izango da, eta 35 taldek eman dute izena, oraingoz.

Azken urteetan bezala, Azpeitia Cup futbol txapelketak hartuko ditu Garmendipeko zelaiak, ekaineko bi asteburutan. Gaur, osteguna, goizean aurkeztu dute aurtengo txapelketa. 

 "Hamar urte egiten ditu adiskidetasunaren txapelketak, aurtengoan. Orain arteko urte guztietan, alebin mailako mutilen txapelketa indartzeaz gain, nesken futbola ere sustatu nahi izan dugu", azaldu du Mikel Rodriguez Azpeitia Cupeko lehendakariak. Horrela, aurtengo edizioan iaz baino talde gehiago izango dira mutilen nahiz nesken txapelketan.

Ekainaren 11n, 12an eta 13an alebin mutilen txanda izango da. Guztira, Euskal Herriko eta Espainiatik etorritako alebin mutilen harrobiko 30 talde arituko dira lehian, iaz baino sei talde gehiago, alegia. Horien artean izango dira abenduan eta urtarrilean jokatu ziren klasifikazio fasean sailkatutako lau taldeak: Aurrera Ondarroa, Bansander, Comillas eta Padura. 

Infantil nesken txapelketa, aldiz, ekainaren 18an eta 19an jokatuko da, Garmendipen. "Lehenengo edizioan, 21 talde izan ziren parte hartu zutenak, eta iaz 28 talde aritu ziren. Aurten, alebin nesken harrobiko 35 taldek eman dute izena, eta oraindik ez da izen-emate epea bukatu", azaldu du Mikel Rodriguezek. Hori horrela, "txapelketa polita" izango dela adierazi du Azpeitia Cupeko lehendakariak. Rodriguezek "eskerrak" eman dizkie Udalari, Gipuzkoako Futbol Federazioari, Sanagustin kulturguneari eta txapelketa antolatzeko boluntario lanetan ibili direnei, "horiei esker baita posible txapelketa aurrera ateratzea". 

Eneko Etxeberria alkateak Azpeitia Cup txapelketak duen "garrantzia" azpimarratu du. "Garrantzitsua da alde ekonomikoari dagokionean, baina baita beste arlo batzuei dagokionean ere. Herrian sortzen duen aktibazioa azpimarragarria da, esaterako hainbat soziedadek otortuak prestatzen dituzte txapelketan parte hartzen dutenentzat, eta hori izugarria da. Herritik kanpoko jendeak Azpeitia mapan kokatzen ere laguntzen du txapelketak", azaldu du Etxeberriak. Jesus Gutierrez Foru Aldundiko ordezkariak esan du, txapelketa "futbol zelaian lortzen diren lorpenez aparte, erreferentea" dela. Gipuzkoako Futbol Federazioaren izenean, federazioarentzat "oso garrantzitsua den txapelketa dela" adierazi du Jabier Azpiazuk, "futbola bultzatzeko primerakoa baita". 

"Azpeitia ezagutarazteko bidea"

Estitxu Elduaien zinegotziak bere partetik azaldu du "jende asko" mugitzen duela Azpeitia Cupek, eta hori azpimarragarria dela: "65 futbol talde izango dira bi asteburutan jarraian herrian. Txapelketa jokatzen duten gaztetxoez gain, horien familiak ere etortzen dira, eta oso garrantzitsua da hori Azpeitia ezagutarazteko". 

Inguruetako aterpetxeak, hotelak eta ostatuak beteta daude data horietan. Hala azaldu du Naiara Arrizabalaga Halcon bidaiakeko arduradunak. "Gero eta jende gehiago mugitzen du txapelketak eta jende asko etortzen da kanpotik. Azpeitian eta inguruetan ez dago lekurik data horietarako". 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide