Antzokia, Elkargunea, eta Bandaren eta Julian Barrenetxea Abesbatzaren entsegurako lokala dira, momentuz, Soreasuko kulturgunea izan behar zuenaren osagai aipagarriak. Soreasun, ordea, asko dago egiteko, eta askotarako eman dezake Soreasuk, eraikitako espazio asko hutsik daudelako oraindik.
Kulturguneari bizia nola eman, nola eta zertarako 'bete' aztertzen ari dira Azpeitiko Udala eta Kultur Mahaia. Bizi berri hori herriko kultur dinamikaren hauspotzearekin eta elkarlanarekin uztartu nahi dituzte, sormenari eta transmisioari garrantzia berezia emanez. Eta elementu horiek kontuan hartuta ekin zioten iaz Soreasuko proiektua lantzeari. Orain, hausnartutakoa plazaratu, elkarbanatu eta ekarpenak jasotzeko tartea zabaltzera doaz. Bide horretan lehen hitzordua zapaturako, maiatzak 14, antolatu duten batzar irekia izango da; Sanagustin kulturgunean egingo dute, 10:00etan.
Soreasu, hutsuneei erantzuteko aukera
Herriko kultur dinamikari bultzada berria emanez garatu nahi dute Udalak eta Kultur Mahaiak Soreasuko sormen gunea izango dena. "Egin nahi duguna azaltzera gatoz, edota dagoeneko egiten ari garena, hasiak baikaude lanean. Baina eztabaida zabaldu nahi dugu. Iritziak, beharrak, asmoak elkarri kontatu, eta horrela kulturan ditugun hutsuneei erantzuna emanez sortu nahi dugu Soreasuko sormen gunea", azaldu zuen Josu Labaka Udaleko Kultura batzordeburuak zapaturako gonbidapena luzatuz eta abiatu duten prozesuaren berri emanez egindako agerraldian. "Sortzeko gune faltari aurre egiteko, kultur dinamika oraindik eta gehiago indartzeko, elkarlana handitzeko, belaunaldi aldaketari atea irekitzeko eta Soreasuri duena baino bizi handiagoa emateko helburua dugu erronka berri honekin", gaineratu zuen Kultura batzordeburuak.
Labakaren ondoan izan ziren Ainara Larrañaga zinegotzia, Maite Maiz Kultur Mahaiaren lehendakaria eta Kultur Mahaiko bi teknikariak, Izaro Zinkunegi eta Xabier Gantzarain; azken hori da, hain zuzen ere, Kultur Mahaiak Soreasuko proiektua dinamizatzeko aukeratu duen pertsona. Zentzu horretan, Udalaren eta Kultur Mahaiaren harreman "emankorraren" barruan beste pauso bat dela nabarmendu zuen Ainara Larrañagak: "Udalak Kultur Mahaiari baliabideak eskaini dizkio, eta honek Xabier Gantzarain teknikariaren bidez gidatuko du dinamika".
Soreasuk "herritarren, kultur taldeen eta norbanakoen beharrei erantzun behar" diela esan zuen Gantzarainek, eta bere garaian Soreasurako zegoen proiektua "berrikusi" beharra dagoela. Zapatuko bilerari begira jarrita, Udalak eta Kultur Mahaiak orain arte landutakotik sortutako zirriborroa hartuko dute abiapuntutzat. Bertan, bost eremutan banatu dute Soreasuko balizko sormen gunea: hitza, soinua, irudia, arte biziak eta transmisioa, "azken hau beste guztiak zeharkatuko dituen ardatz-lerroa izanik". Kulturan dabilen edozein talde edo norbanakoren iritziak eta ekarpenak jaso nahi dituzte eta, oro har, Soreasuko proiektuan interesa duten herritarrena. "Jendeak Soreasun zer nahi, zer behar ikusten dituzten, gunea nolakoa imajinatzen duten... jakin nahi dugu", zioen teknikariak: "Soreasuk dinamikoa izan behar du, herriko kultur mugimenduaren indarrarekin aurrera begira argia egiteko".
Soreasurako ekarpenak eta ideiak jasotzen hasiko dira zapatuan, eta eginkizun horretan jarraituko dute udako oporrak iritsi arte. Ondoren fase berrian sartuko da prozesua, jasotakoari forma eman eta proposamenak zehazten hasteko garaian.