Vicent Partal eta Martxelo Otamendi kazetari eta zuzendariek Kataluniako eta Euskal Herriko egoera politikoaz hitz egingo dute datorren asteazkenean, 19:00etan, Sanagustin kulturgunean. Alex Silva kazetari azpeitiarra arituko da moderatzaile lanetan.
Partal (Betera, Herrialde Katalanak, 1960) VilaWeb atariaren sortzailea eta zuzendaria da. VilaWeb Herrialde Katalanetan sortutako lehen hedabide digitala da, 1996an jarri zuten martxan. Beraz, esparru horretan aitzindariak izan ziren Partal eta haren taldea. Otamendi (Tolosa, Gipuzkoa, 1957), berriz, Euskaldunon Egunkaria-ko zuzendari ohia eta Berria-ko zuzendaria da.
Bi zuzendariek igandero idazten dute Berriako iritzi sailean, 2012az geroztik. Katalunia eta Euskal herriko politikak eta gizartea izaten dituzte hizpide. VilaWeben ere argitaratzen dituzte haien artikulu pareak. Eskarmentu handiko bi profesional dira, gaiaren inguruan lanketa sakona egina dutenak.
Ekainaren 5eko herri galdeketaren harira, Azpeitiko Gure Esku Dagok eta Uztarria Komunikazio Taldeak antolatu dute solasaldia.