Ekainaren 5eko herri galdeketa

Ekainaren 5erako aurretiazko botoa eman daiteke larunbatetik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Hitzartu 2016ko mai. 18a, 13:24

Bi asteko epea izango da botoa emateko, hau da, maiatzaren 21etik ekainaren 3a bitartean. Gure Esku Dagoren lokalean, Foru Ibilbidea 7, eman daiteke boza, eta honakoa da ordutegia: astegunetan, 10:00etatik 12:00etara eta 18:30etik 20:30era; larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara.

Ekainaren 5eko herri galdeketan egongo ez diren pertsonentzat aurretiazko botoa emateko aukera jarriko du Hitzartuk datorren larunbatetik aurrera; alegia, maiatzaren 21etik aurrera. Bi asteko epea izango dute pertsona horiek botoa emateko, hau da, maiatzaren 21etik ekainaren 3a bitartean. Gure Esku Dagoren lokalean, Foru Ibilbidea 7, eman daiteke boza, eta honakoa da ordutegia: astegunetan, 10:00etatik 12:00etara eta 18:30etik 20:30era; larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara.

Aurretiazko botoa eman behar duten bizilagunek ekainaren 5ean botoa eman behar dutenen ezaugarri berak izango dituzte: Azpeitian erroldatuta egon beharko dute, eta 16 urte edo gehiago izan. Horrez gain, dokumentazio bera eskatuko zaie: NANa, pasaportea, ENHA edo, etorkinen kasuan, identifikatzeko balio duen argazkidun dokumentu ofizialen bat. Gogoratu: dokumentu horietan ez badu jartzen egungo bizitokia Azpeitia dela, errolda agiria ere beharrezkoa izango da botoa emateko. Dokumentuek jatorrizkoak izan behar dute, ez da onartuko fotokopiarik.

Bestalde, botoa emateko etxetik mugitu ezin duten pertsonentzat ere jarriko da zerbitzu berezi bat. Gaixotasun edo ezintasunen bat dutenek etxetik eman ahal izango dute boza, beraz. Horretarako, eskaera egin beharko du boto-emaileak, hitzartuazpeitia@gmail.com helbidera idatzita. Behin eskaera eginda, boto-emailearen etxera joango dira horretaz arduratzen diren jarraipen batzordeko kideak, aurrez adostutako egun eta orduan.

Zenbaketa

Aurretiazko boto guztiak ekainaren 5ean zenbatuko dira, 20:00etatik aurrera, behin hauteslekuak itxita. Aurretiazko botoak besteekin batera jarriko dituzte hautestontzietan. Boto-zenbaketa jendaurrean egingo da mahai guztietan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide