1766ko matxinadari buruzko hitzaldia izango da asteazkenean

Joseba Zuazok eskainiko du hitzaldia, 'Euskal Herriko XVII. eta XVIII. mendeetako matxinadak. Ikuspegi ekonomikoa' izenburupean. Sindikatu Zaharrean izango da solasaldia, 19:00etan hasita.

250 bete dira aurten Azkoitian eta Azpeitian gariaren matxinada bezala ezaguna den herri xehearen altxamendua lehertu zela. Hori ezagutarazteko asmoz, egitarau oparoa antolatu dute Azpeitiko Kultur Mahaiak, Azpeitiko Udalak eta Maxixatzen Euskara Elkarteak elkarlanean.

Besteak beste, sei saioz osatutako hitzaldi zikloa antolatu dute. Maiatzaren 10ean abiatu zen Azkoitiko Torre Zuri aretoan, Iñigo Aranbarriren hitzaldiarekin, '1766ko matxinada, kultura eta umorea' lemapean. Bigarren saioa ere bertan izan zen, Juan Madariagaren eskutik honakoa, maiatzaren 18an, 'Euskal Herriko XVII. eta XVIII. mendeetako matxinadak. Ikuspegi soziala' izenburupean.

Biharkoaren ostean, beste hiru hitzaldi izango dira datozen asteetan:

  • Ekainak 1, asteazkena, 19:00etan, Azkoitian, Elkargunean: Oihane Oliveri, 'Emakumeen rolak antzinaroan'.
  • Ekainak 8, asteazkena, 19:00etan, Azpeitian, Sanagustin kulturgunean: David Zapirain, 'Matxinadaren osteko kontrol soziala'.
  • Ekainak 15, asteazkena, 19:00etan, Azpeitian, Sanagustin kulturgunean: Iñigo Aranbarri, '1766ko matxinada, kultura eta umorea'.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide