Ekainaren 5eko herri galdeketa

Azpeitiko preso politikoek ere hartu dute hitza

Erabiltzailearen aurpegia Deserriko hitzak 2016ko mai. 31a, 14:36

Ekainaren 5ean Azpeitian independentziaz egingo den herri galdeketa dela eta, azpeitiko hiru euskal preso politikoen iritziak bildu ditugu.

Sakabanatuta eta urrunduta dituzten 3 preso azpeitiarrek ere parte hartuko dute Ekainaren 5ean, eta hainbat gogoeta helarazi dizkigute espetxetik.

Ekainaren 5eko herri galdeketaren garrantzia azpimarratu dute 

Gotzon Aranburu, Alacanten (732 km) sakabanatua duten preso politiko azpeitiarrak honakoa dio:"Bultzatu ditzagun eta pentsatu dezagun, herriari hitza ematen dieten herri galdeketak eta antzeko pausu desberdinek duten garrantzia hainbeste amesten dugun herri aske bat helburu. Elkartu gaitezen ere, sensibilitate ezberdinak herri justu eta independiente baten alde"

Josu Urbieta, Pow, Vivonnen (485 km) sakabanatua duten herritarraren iritziz,"herritar guztion artean osatzen dugu Euskal Herria, eta gutako bakoitzak herri honen oraina eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea dugu. Denok erabakiko dugu zer izan nahi dugun, eta horretarako herri galdeketak beharrezko tresna bezala ikusten ditut".

Joseba Segurola Xeguk, Lannemezan-eko espetxetik (269 km) adierazi digunez "Katalunian nahiz Euskal Herrian indar handia ari da hartzen erabakitzeko eskubidearen aldarria. Ekimenarekin, besteak beste, euskal gizartearen babesa lortu da. Nik uste dut egunero erabaki behar dugula nolako Euskal Herria nahi dugun, zer izan nahi dugun. Herri independiente bat izateko bidean sortu beharrekoa praktikan egingo dugu, gaurdanik. Sinistu egin behar dugu". 

Azpeitiko preso politikoek ilusioz hartuko dute parte herri galdeketan

Xeguk ilusioz hartu du galdeketan parte hartzeko aukera: "Ilusioz, herritarrak subjektu aktibo izateko aukera dugulako. Ekainaren 5ean bozka ematea, amesten dugun Euskal Herri independiente horren bidean urrats garrantzitsua da. Gure esku dago! Hartu hitza!", adierazi du. 

"Nik, azpeitiar bat gehiago naizen aldetik, parte hartuko dut herri galdeketa honetan. Antolatzaileei eskerrak eman nahi dizkiet horretarako aukera eman didatelako. Baiezko bozken zerrendan bat gehiago izango da nirea" esan digu Powk.

Gotzonek, bere aldetik, honakoa adierazi digu: "Hemendik, Azpeitian egingo den herri galdeketan parte hartuko duzuen herritar oro animatu nahi zaituztet. ilusioa eta aldi berean indarra ematen du horrelako ekimen batek hemen. Hitza eta horren errespetua herriak izan behar du" 

Aurrera begira, zer?

"Ardura eta betebeharra ditugu, erabakitzeko eskubidearekin batera, Euskal Herri independenterantz joateko tresna, baita bitarteko egokiak sortu eta horiek gauzatzeko ere. Gakoa da, eskubide hori ondoren praktikara nola eraman", azpimarratu digu Xeguk.

Powren hitzetan, "Euskal Herriaren erabakitze eskubidearen ukazioak gatazka politiko luzea eragin du gure herrian, eta oraindik asko gara era batetara edo bestera gatazkaren ondorioak sufritzen ari garenak. Horrela, erabakitzeko eskubidea gauzatzea gure esku dago, eta estatuei dagokie euskal gizartearen gehiengoak erabakitzen duen hori errespetatzea. Baina horretarako borondaterik ez badute, gure kabuz aurrera egitea beste biderik ez dugu izango."

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide