Ekainaren 5eko independentziaren inguruko herri galdeketa antolatzeak izugarrizko lana izan du azken hilabete hauetan. Hainbat eta hainbat lagunen parte-hartzeari esker lortu da egin dugun bidea egitea, eta eskerrik asko guztioi!
Hala ere, oraindik lan asko dugu egiteko. Eta ahalik eta esku gehien izateak gauza asko erraztuko lituzke galdeketa egunean bertan ere.
Datorren igandekoa erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarrikapen eta festa eguna izatea nahiko genuke. Baina horrek auzolana eskatzen du, eta auzolanak herritarron arteko elkarlana. Laguntzaileak behar ditugu ondorengo arlo hauetan:
Komunikazio lantaldea: Egunari dagokion plangintza komunikatiboa egin eta egunean bertako lanketa komunikatiboa izango dute funtziotzat. Sare sozialak elikatu, jarraipen zuzena egin, bideoak egin, gainerako herrietako komunikazio taldeekin harremanak izan...
Mahaien inguruan ibiliko diren antolakuntzako kideak: 24 lagun ibiliko dira mahaikideek izan ditzaketen beharrei erantzuteko prest: boto paperen faltan geratuko balira laguntzeko, bazkariak eramateko, herritarrek izan ditzaketen zalantzei erantzuteko...
Bazkariak/Txosnak: Kataluniatik castellers-ak egitera etorriko diren 160 lagun ingururi bazkariak prestatu nahiz zerbitzatu behar zaizkie. Era berean, plazan (egun guztian zehar) nahiz Sanjuandegin (eguerdi partean) jarriko ditugun txosnetarako boluntarioak behar dira. 80 lagun inguru ibiliko dira guztira, eta oraindik badaude hutsuneak.
Postuak (kamiseta, ardo botila eta billeteen mahaiak): Herri galdeketa prozesuaren antolaketak suposatzen dituen kostu ekonomikoei aurre egiteko 3 postu jarriko ditugu herriko bozkaleku nagusienetan. Postu hauetan egoteko ere laguntzaileak behar dira.
Muntaketa lanen taldea: 40 lagun inguru izango dira bozkalekuak, txosnak, bazkari gunea muntatu eta desmuntatzeko.
Laguntzeko prest dagoenak, idatzi dezala Hitzarturen Facebook edo Twitter helbideetara, hitzartuazpeitia@gmail.com helbidera edo Gure Esku Dagoren lokalean eman dezala izena.
Boto paperak eta aldizkaria
Bihar 19:00etatik aurrera hasiko gara boto paperak etxez etxe banatzen, Hitzartu aldizkariarekin batera. Horretan laguntzeko prestutasuna izango balu norbaitek, jakin hitzordua Gure Esku Dagoren lokalean dugula. Animatu! Auzolanean erabaki dezagun!
Boluntarioen artean zozketa eginez osatu ziren bozketa tokietako mahaikideak, osatu dira Kontrol eta Jarraipen batzordeak, baita kanpotik etorriko zaizkigun begiraleen taldea ere. Lanean ari dira eta arituko dira ekainaren 5ean informatikoen taldekoak ere, 60 lagun guztira.
Bakoitzak bere aletxoa jartzeko aukera du prozesu honetan. Jarri zuk ere zurea!