Ekainaren 5eko herri galdeketa

Ba al dakigu?

Oihana Elduaien 2016ko eka. 1a, 17:55

Ekainaren 5ean Azpeitian euskal estatu independenteaz egingo den herri galdeketaren inguruan, Uztarria Komunikazio Taldeak iritzia eskatu die hainbat herritarri. Oihana Elduaien kazetariak idatzi duena da honakoa.

"Erabakiak erraz hartzen al dituzu?" galdera entzun, eta neure buruarekin eztabaidan pasatu nituen bi egun. Eta ederrena da, baiezkoaren aukera baztertu gabe jarraitzen dudala. Erabaki. Hitza hartu. Subirano izan. Burujabe. Independente. Zeinekiko independente? Estatu bat ba al da inoiz independente? Depende-en dependentziaz hartu beharko ditu erabakiak estatu independenteko agintari independenteak. Edo dependentea izango da agintaria? Dependituko al du alderdian? Dependituko al du taldean? Dependituko al du bere buruan? Dependituko al du herritarrengan? Aske izango al da?

"Jende zoriontsua herri libre batean?", zioen abestiak. Libre izango al da independente den herria? Zertaz libre? Libratuko al da globalizazioaren ajeez? Libratuko al da errefuxiatuak jasotzeaz? Libratuko al da patriarkatuaz?

Eta zer da jende zoriontsua? Zerk ematen dio zoriontasuna? Independentziak egiten al du zoriontsu? Dependentziak? Diruak ematen duen independentziak ematen al dio zoriontasuna? Edo albokoa pozik ikusteak? Dantza egiteak? Abesteak? Drogek? Jan-edanak? Sexuak?

Eta manifestaziorik izango al da herri libre horretan? Eta etorkinik? Eta etorkizunik?

Aurretik erabakita dagoena guk erabaki dugula sinestaraziko al digute estatu independentean? Han izango al da erabakitzeko eskubiderik? Zer erabakitzeko eskubidea izango dugu? Asko kostatuko al zaigu erabakiak hartzea?

Eta erabakiak hartu aurreko eztabaida guztiak hil ala bizikoak izango al dira? Zer egongo da Soreasun? Herri independentean ere izango al dira bizilagunen ezinikusiak? Txosna handi bat bihurtuko al dugu herri librea?

Feminismo hitza kriminalizatuko al da estatu independentean? Hezkuntza estatuarena izango al da? Pediatrek jakingo al dute euskaraz? Izango al dugu astirik gure seme-alabak eta gure aiton-amonak zaintzeko? Dependentziarik gabeko pertsonak osatuko al dira? Sustrairik izango al dute herritarrek? Eta hegorik? Herritar konprometituek osatuko al dute? Parte hartzeko bitarteko errealak izango al dira? Parte hartu nahi duen herritarrik izango al da?

Nolako estatua izango da, independente izango den estatu hori? Liberté, égalité, fraternité? Izango al da iritzia ematen lotsatzen den herritarrik? Izango al da iritzia ezkutatzeaz lotsatzen den herritarrik? Izango al da herritarrik? Edo hiritarrak izango dira? Edo auzotarrak? San Sebastian erregiokoak izango al dira? Euroeskualdekoak? Zenbat herrialde izango dira? Gure estatuan egongo al da Baigorriko Etxauzia?

Eta erregea? Errepublika izango al da? Lehendakaria? Herria izango da lehendakaria? Jakintsu sentitzen diren ezjakinez betea egongo al da? Ezjakin jakin-minezkoez?

Indibidualistak izango al dira herritar libreak? Edo libertadetik etorritako elkartasuna izango da oinarri? Itxiko al digute Orkatz? Izango al da Auzitegi Nazionalik? Epailerik? Poliziarik? Nork egingo du konstituzioa? Nork hartuko ditu erabakiak?

Azkar hartuko al ditugu erabakiak? Ba al dakigu erabakiak hartzen? Ikasiko al dugu erabakitzen? Hasiko al gara erabakitzen?

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide