Haurra nintzela Ruben Blades abeslari panamarraren abesti bat entzuten nuen, eta hala zioen: "Erabakiak, egunero, batek galtzen du, batek irabazi, Ave Maria. Erabakiak, denak ahalegin bat eskatzen du, irten eta egin apustu, herritarrok". Horren inguruan hausnartzen, pentsatzen dut gure bizitza osoa dagoela erabakiz betea. Erabakiak hartzen ditugu goizean iratzargailua entzun eta jaikitzea aukeratzen dugunetik, gauean oherakoan hurrengo goizerako jartzen dugun arte; eta tartean, dena dira erabakiak.
Duela zortzi urte oso erabaki garrantzitsua hartu nuen nik ere, Euskal Herrira etortzearena. Unea iristean, banekien erabaki hark bizitza aldatzea ekarriko zuela, kultura eta hizkuntza berri bat; hori zen nahi nuena. Atzean uzten nuen nire Borinquen (Puerto Rico) maitea, abentura berri bati ekiteko prest nengoen. Hasiera ez zen erraza izan, beti da konplikatua zerotik hastea, baina pixkanaka joan nintzen ezagutzen leku bati bere zerizana ematen dion hori, bertako jendea ezagutu nuen eta horiek, era berean, lur hau ezagutzen eta maitatzen erakutsi zidaten, orain apur bat neure ere sentitzen dudana.
Jaiotzen ikusi ninduen lurra egun existitzen den koloniarik zaharrena da, beharbada. Kolonia espainiar izatetik, kolonia estatubatuar izatera pasatu ginen eta horrela izan da azken 118 urteetan. Horren ondorio nagusia da Amerikako Estatu Batuek dutela defentsaren, monetaren, kanpo komertzioaren, immigrazioaren eta aduanen kontrola, besteak beste. Gaur egun, Puerto Ricok bere erabakiak hartu ezin izanaren ondoriozko gainbehera bizi du. Jasaten ari den krisi fiskalak ez du aurrekaririk, eta horrek neurrigabe konplikatzen du bere zorra berregituratu ahal izatea. Saiakerak egin diren arren, estatus juridikoak AEBen hainbat erregulazio ekonomiko betetzera behartzen du.
Galdetuko duzue zergatik ekartzen ote dudan hona Puerto Ricoren estatusaren inguruko hausnarketa hau, erabakiez hitz eginez hasi banaiz. Justua iruditzen zait, eta zinez sinesten dut edozein herrik edo naziok izan beharko lukeela aukera eta eskubidea bere kultura, identitatea eta hizkuntza inongo mugarik gabe garatzeko, sendotzeko, sustatzeko. Eta horretarako beharrezkoa da herri edo nazio horrek eskuak libre izatea bere geroa erabakitzeko, gaur-gaurkoz hegemoniko diren estatuen marko juridikoetatik libre. Hori da behintzat nik demokrazia errealtzat daukadana.
Platonentzat demokrazia "jendetzaren" gobernua zen, Aristotelesentzat "gehiengoaren" gobernua. Zoritxarrez, ordezkari bidezko demokrazia batekin konformatu gara, non gobernatzeko aukeratuak izan direnek ez duten beti han jarri dituzten herritarren iritzia entzuten; herritar horiei zuzenean eta ez beti euren alde egiten duten legeak sortuz. Era berean, ebazpen publikoetan parte hartzeko funtsezko eskubidea alboratu dute. Demokraziaren seme-alabak izatearen ilusioa daukagu, eta are gehiago, ustez erregimen absolutistetan bizi diren gizarteak gaitzesten ditugu, baina hausnarketa sakonxeago bat egitea beharrezkoa da: zeintzuk dira gure demokraziaren mugak? Zenbateraino da parte-hartzailea? Rousseauk esan zuen: "Herriak ez die agintariei ezer zor, haiek herritarren borondatearen zerbitzari, eskribau edo mezulariak dira". Lincolnek "herriaren, herritik eta herriarentzat" den gobernuaz hitz egiten zuen. Beraz, nire ondorioa honakoa da: iritsi gara, azkenean, gure gizartea benetan gizarte demokratiko bihurtzeko lanean inplikatzeko prest gaudeneko inflexio puntu horretara. Baina zein da abiapuntua?
Azkenaldian, herri galdeketen kontzeptuak gorakada handia izan du gure inguruan. Ia geure sentitu genuen Eskoziako hura, gero Kataluniakoa etorri zen eta, azkenaldian, indar handia hartu du Euskal Herrian ere, Azpeitia izanik lantzaren punta, aitzindaria, beste batzuek jarraituko dutena. Honek ardura handia dakar berarekin, eta neurritasun eta meditazio sakonak eskatzen ditu. Herriari galdetzea, bere horretan, bidegabekeriak saihestu eta herritarren parte-hartzea ahalbidetzen duen tresna demokratiko bat da. Galdeketa bat egiten denean, politika publikoen osaketan parte hartzeko interes berezia duten haien ahotsa entzuten da. Baina noski, zaindu behar da, hori bada gure nahia behintzat, prozesu demokratiko erreal bat izan dadin, orokorra eta publikoa, eta ez selektiboa eta pribatua; bien arteko desberdintasuna da, azken horrek sektore baten iritzia soilik jasotzen duela, eta horrek informazioa ematen du noski, baina ez da demokratikoa. Ahalik eta sektore gehienen parte-hartzea bilatu behar da, onartuz beti ere parte-hartze hori bultzatzea dela egin dezakegun gauza bakarra, gero, sektore bakoitzak egingo duena ez baitago gure esku.
Nire barnean beti amestuko dut nire Borinquen maiteak bere etorkizuna gidatzeko agintea hartuko duen egunarekin. Egun hori iritsi bitartean, zuen ametsa amestuko dut; azken finean, amets egitea gure eskubidea da.