1.931 pertsonek eman dute botoa gaur, ekainak 5, 13:15ak bitartean, Hitzartuk independentziaz egin duen herri galdeketan. Aurretiaz 363 pertsonak zuten botoa emanda, eta horrenbestez 2.294 pertsonek hartu dute hitza, oraingoz.
09:00etan zabaldu dituzte hauteslekuak eta orduz geroztik herritar ugari hurbildu dira botoa ematera, horretarako jarritako zortzi guneetara. Boza eman dutenen artean daude, esaterako, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Aitor Gorrotxategi Azpeitiko EAJko bozeramailea, Basilio Urbistondo 99 urteko urrestildar gudaria, Aitor Zulaika Real Unioneko entrenatzailea, Mikel Aranburu futbolaria eta Josu Labaka UEMAko lehendakaria.
Eguardian, Alde Zaharra girotu dute Herrialde Katalanetatik herri galdeketari babesa ematera etorritako 160 casteller inguruk. Erdi Kalean zehar kalejira egin dute aurrena, eta plazara joan dira ondoren, castellsak egitera. Pertsonez osatutako hiru dorre egin dituzte, musikaz girotuta eta ikusmiran zeuden herritarren txaloen artean. Ondoren, bazkaltzeko tartea hartu dute azoka plazan. Bazkaria prestatzen aritu dira hianbat eta hainbat herritar boluntario. Horrez gain, Kantu-jirakoak kantuan ibili dira Alde Zaharreko hainbat txokotan, bazterrak alaitzen eta girotzen.
Urrestillan ere hartu dute hitza, eta eguraldia lagun, ez da festa girorik falta izan. Sanjuandegitarrak festetan murgilduta harrapatu ditu herri galdeketak, baina herritar ugari hurbildu da Jose Antonio Agirre plazatxoan jarritako bozkalekura.
Hurrengo parte-hartze datuak 17:00ak inguruan jakinaraziko dituzte. Hitzartutik dei egin diete oraindik bozka eman ez duten herritarrei, euren iritzia eman eta hitza har dezaten.