Bigarren urtez jarraian, kros solidarioa egingo dute igandean, ekainak 12, Sanjuandegin. Tindufeko errefuxiatu kanpamenduetan duela hilabete gutxi izandako uholdeetako ezbeharrei laguntzeko eta Saharako umeen alde antolatu dute lasterketa, Khamar Sahararen aldeko taldeak, Xeye atletismo taldeak, Azpeitiko kooperazio talde ezberdinek, XJ Auzolanean-ek eta Azpeitiko Udalak, elkarlanean. Iaz egin zuten aurrenekoz lasterketa solidarioa, eta orduan joan den urtean Nepalen izandako lurrikarak eragindako kalteak arintzen lagundu asmoz antolatu zuten proba.
2002tik 2012ra bitartean jaiotako haurrek har dezakete parte igandeko lasterketan. Izen-ematea egunean bertan egin beharko da, 9:15etik aurrera Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan.
Lasterketak 10:30ean hasiko dira. Aurrena, 2012tik aurrera jaiotakoen txanda izango da, eta heldu batek lagunduta, 200 metro egin beharko dituzte. Ondoren, 10:45ean, 2011-2010 urteetan jaiotakoen txanda izango da, eta 450 metroko itzulia egin beharko dute. Ondoren 2009-2008 urteen artean jaiotakoek egingo dute lasterka, eta 650 metro egin beharko dituzte. Behin horiek bukatutakoan, 2007-2006 urteetan jaiotakoen krosa izango da, eta 900 metroko itzulia egingo dute. 2005-2004 urteetan jaiotakoek, aldiz, 1.300 metroko proba izango dute. Azken lasterketa, 2003-2002 urteetan jaiotakoena, 11:45ean hasiko da, eta parte-hartzaileek 1.950 metroko itzulia egingo dute.